Udal-hauteskundeak 2019

Udal-hauteskundeei begira: alkatetzarako hautagaitza-kopuru handia Getxon

Erredakzioa 2019ko mai. 6a, 08:00

Udal-hauteskundeen bilakaera historikoari jarraituta, baita hauteskunde orokorren emaitzei erreparatuta, litekeena da EAJk eskuratzea berriro ere Getxoko alkatetza. Hala ere, 2015ean gertatu bezala, akordioak lortu beharko ditu Gobernu-taldea osatzeko; aurrekoan PSE-EE alderdiagaz egin zuen.

Maiatzaren 26ko udal-hauteskundeetarako hautagaitza gehien batu dituen udalerria da Getxo Bizkaian, Bilboren ondoren. Denera, 11 alkategai lehiatuko dira Getxoko Udalaren ardura hartzeko; hala ere, joan den apirilean izandako hauteskunde orokorretako emaitzetan oinarrituta, litekeena da denen artean EAJ gailentzea, historikoki egin duen legez. Datu horiek ikusita, jeltzaleek PPrekiko aldea handituko lukete. Izan ere, Amaia Agirrek gidatutako taldeak zinegotzi bat gehiago lortuko luke, popularrek beste bat galduko luketen bitartean, Vox taldeak jasotako bozken eraginez.

Gaur egun, EAJk eta PSE-EEk osatutako Gobernu-taldeak du Getxoko Udalaren ardura, talde bi horien 9 eta 2 zinegotziek osatuta. PPk, aldiz, 5 zinegotzi ditu eta EH Bilduk eta GUK taldeak launa. Udalbatzako azken aulkia Ciudadanoseko zinegotziak betetzen du, EAEn talde laranjak duen zinegotzi bakarrak, hain zuzen ere.

Hautagaitzak

Bilbo hiriburuaren ondoren, hautagaitza gehien dituen udalerria da Getxo Bizkaia osoan. Hala, gaur egun ordezkaritza duten sei alderdiez gainera, beste bost batu zaizkie lehiara. Alde batetik GUK Getxoko Udal Kandidaturak Podemosetik aldendu eta bere kabuz aurkeztuko da hauteskundeetara. Modu horretan, EAEn egindako akordioari jarraituta, Ahal Duguk eta Equo Berdeak taldeak bat egin dute Getxon, Elkarrekin Podemos izena duen koalizioagaz aurkeztuta. Libres por Euskadi taldeak Getxo aukeratu du politikagintzan murgiltzeko, Arabako Labastidagaz eta Vitoria-Gasteizegaz batera. Partido de Acción Solidaria Europea (Solidaria) eta Ganemos taldeak ere Udalbatzan bere lekua egiten saiatuko dira aurten. Azkenik, duela lau urte egin zuen bezala, Vox alderdi ultraeskuindarra zinegotziren bat edo beste lortzea saiatuko da aurten ere.

Alkategaiak

Hiru legealdiren ondoren, Imanol Landa gaur egungo Getxoko alkateak lekukoa emango dio Amaia Agirreri. Komunikazio eta Herri-Partaidetzarako zinegotzia da gaur egun Agirre eta jeltzaleen zerrendaburua da maiatzaren 26ko hauteskundeetarako. Popularren artean, Eduardo Andrade aurkeztuko dute alkategai. Imanol Landa alkatearen ondoren, Getxoko Udalbatzan urte gehien daraman pertsona da Andrade, 2003tik talde horretako zinegotzia baita.

Gaur egun EH Bildu udal-taldearen bozeramailea den Nerea Guijarrubia izango da koalizio abertzalearen alkategaia. Gazte-gaztetik herri mugimenduetan ibilitakoa da, eta 2016. urtean hasi zen zinegotzi lanean Udalean, Arantza Gutierrezen ordez.

GUK Getxoko Udal Kandidaturak aldaketak izango ditu aurten. Podemos alderditik aldenduta, herri-formazio gisa aurkeztuko da, Kike Pradaren gidaritzapean. Paula Amieva gaur egungo GUKeko bozeramailea, aldiz, Elkarrekin Podemos koalizioaren hautagai gisa aurkeztuko da, Ignacio Robles zerrendaburuaren atzetik. Susana Andollo GUKeko zinegotziak ere Amievaren bidea jarraitu du eta Elkarrekin Podemosen zerrendan aurkeztuko da maiatzaren 26ko hauteskundeetara.

PSE-EEk zerrenda berritua aurkeztuko du aurten. Izan ere, Txefo Landa politikagintzatik aldenduta, Carmen Diaz Erandioko zinegotzi ohiak hartuko du Getxoko sozialisten gidaritza.

Ciudadanos taldeak ere aldaketak izango ditu aurten. Gaur egungo zinegotzia den Santiago Sainz Bizkaiko Foru Aldundiarako zerrendaburua izango da alderdi laranjan; hala, bere ordezkoa izango da udalerrian Begoña Losilla biologoa.

Libres por Euskadi (LxE) taldeak Alejandro Zabalari eman dio alkategai izatearen ardura; Partido de Acción Solidaria Europeak (SOLIDARIA), aldiz, Juan Pedro Azcuneri eman dio ardura hori. 2015eko udal-hauteskundeetan Partido Familia y Vida (PFyV) taldeagaz koalizioan aurkeztu zen Vox alderdi ultraeskuindarra. Aurten, aldiz, bere kabuz aurkeztuko da, Miguel Angel Gomez zerrendaburu izanda. Azkenik, Ganemos taldeak lehenengo aldiz aurkeztuko da hauteskundeetara Getxon, Amaia Eguiraun alkategai gisa izanda.

Ordezkaritza nagusienen programak

Jeltzaleen zerrendaburuak Getxo “berrikuntza ekonomikorako zentroa eta kultura, kirola, turismoa, merkataritza eta zerbitzu profesional aurreratuak” dituen udalerria izatea du amets. Aldi berean, Getxo “sormenezko abangoardiaren” erreferente bihurtzea gura du Agirrek, “goi-mailako kultur eskaintza izateko aukera ematen duten agertokiak dituena”. Horrez gainera, aisialdi osasungarrirako gune publikoak dituen kirol hiria bihurtu gura du udalerria.

PPri dagokionez, udalerriko auzo denetan aparkalekuak eraikitzea, edukiontzien pedala berreskuratzea eta kale-garbiketaren maiztasuna publiko egitea dira alderdiaren proposamenetako batzuk. Horrez gainera, udalerriko segurtasuna areagotzea, tokiko komertzioa bultzatzea eta udalerriko eraikin zaharrak berreskuratzea ere proposatu dute.

“Gu izango gara EAJ-PP-PSE hirukoteak bultzatu duen ereduaren alternatiba bakarra”, adierazi zuen Nerea Guijarrubia EH Bilduko alkategaiak hautagaitzaren aurkezpenean. Koalizio abertzaleak azaldu zuenez, euren lehentasuna da orain arte bultzatutako hirigintza-eredua aldatzea, babestutako etxebizitzak bultzatzea, landa-eremuak babestea, dendari txikien aldeko neurriak hartzea eta kultura indartzea. Era berean, gazteentzako etxebizitza kolaboratiboak sortzea ere bada euren helburua, baita alokairuarentzat diru-laguntzak handitzea ere. Bestalde, hainbat auzotan “kultur ekipamenduak” sortu gura dituzte.

PSE-EEk, bere aldetik, proiektu “gazte eta berritu” bat aurkeztu gura du, “udalerrian eragina izateko prest dagoena”. Berdintasunaren aldeko borroka defendatu dute, “pertsonengan oinarritzen garelako”. Era berean, etxebizitza eskubidearen eta politika sozialak berriz pentsatzearen alde lan egiteko konpromisoa berretsi du hautagai sozialistak, udalerri iraunkor baten aldeko apustua egiteagaz batera.

GUK eta Ciudadanos taldeek ordezkaritzak dituzte gaur egun Getxoko Udalbatzan. Hala ere, hainbat arazo direla medio, oraindino ez ditugu euren programen nondik norakoak lortu.

 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun