Etxeko animalia gehien dituen Bizkaiko udalerrietako bat da Getxo; hori dela eta, Getxoko Elkarrekin Podemos taldeak izaki horien aldeko proposamenak aurkeztu zituen atzo, domekan, Algortako Ereaga hondartzan.
Txakurrez lagunduta, ibilaldia egin zuten Podemos, Ezker Anitza eta Equo Berdeak osatutako koalizioko lagunek Ereaga hondartzaren ondoko pasealekuan. Horren bitartez, lau hankadun animali horiek aske ibiltzeko gune gehiago aldarrikatu zuten, "auzo bakoitzean bana, 24 orduko baimenagaz". Era berean, udan hondartzetan bainulariak eta txakurrak elkar bizitzeko gune ezberdinduak egitea proposatu zuten, "elkarbizitza eta garbitasuna ziurtatzeko".
Horrez gainera, Getxoko auzo denetan txakurren gorozkiak batzeko poltsatxo biodegradagarriak doan ematea eta horiek botatzeko ontzi "egokiak" jartzea eskatu du koalizio moreak. Era berean, txakurren jabeentzako ikastaroak ematea proposatu du, baita herriguneetako katuen koloniak zaintzeko CES sistema erabiltzea ere (hartu, esterilizatu eta askatu).
Orain arte egindako lanari jarraipena eman
Getxoko Elkarrekin Podemosek lau urteotako lanari jarraipena eman gura diola esan du Paula Amieva gaur egungo GUK taldeko zinegotziak. Hala, talde animalisten lana kontutan hartuko dutela agindu du: "animalien kontrako jazarpena salatzen jarraituko dugu, duela bi urte Areetan pozoitutako katuen kasuan bezala".