Udal-hauteskundeak 2019

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatu du PSE-EEk Getxon egindako ekitaldian

Unai Brea 2019ko mai. 14a, 08:54

Ezkerretik eskumara, Eider Gardiazabal, Teresa Laespada eta Carmen Díaz. © PSE-EE

Berdintasunaren aldarria egin zuen PSE-EEk atzo Getxoko hauteskunde-ekitaldian, emakumezko hiru hautagairen ahotik: Carmen Díaz alkategaia, Teresa Laespada Bizkaiko Batzar Nagusietarako zerrendaburua eta Eider Gardiazabal, Europar Parlamenturako sozialisten zerrendan zazpigarren doana.

"Berdintasuna ez emakumezkoen kontua bakarrik", esan zuen Carmen Díazek, Getxoko alkate izateko PSE-EEren hautagaiak, "den-denona baizik". Berdintasun eza salatu zuen, eta zehazki emakumezko pentsiodunen arazoaz berba egin zuen: "Getxo eder honetan, begiak zabalduz gero, agerian geratzen dira desberdintasunak; aldamenean dauzkagu emakume nagusiak, alargunak... oso pentsio pobreak jasotzen dituztenak, kasu askotan gauza askori uko egin behar dietenak". Batez beste, emakumeen pentsioak gizonenak baino 600 euro txikiagoak izaten direla azpimarratu zuen Díazek.

Teresa Laespada Bizkaiko Ahaldun Nagusi izateko hautagaiaren berbaldia izan zen luzeena. Berdintasunaren aldeko borroka PSEren muin-muinean dagoela adierazi zuen: "Horretarako sortu ginen". Krisiaren biktima handienetakoak emakumeak direla esan zuen Laespadak;"ez dut uste feminismorik dagoenik sozialismorik gabe, ezta alderantziz ere".

Laespadak nabarmendu egin zuen Uribe Kostan emakumezko alkategai asko dituela PSE-EEk. Hain zuen, eskualdeko hamar udalerrietatik bostetan aurkeztu dute emakumeren bat zerrendaren goiko aldean: Barrikan (Eugenia Gezuraga), Berangon (Nerea Jimenez), Getxon (Carmen Díaz), Sopelan (Maria Teresa Fernandez) eta Urdulizen (Saioa Solagaistua). 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun