Kanpainan kementsu dabil Getxoko popularren zerrendaburua. Maiatzaren 10etik lerro hauek idazteko momentura arte, egunero proposamen bat helarazi die hedabideei, obra publikoakaz lotuta beti ere. Horietako batzuk behintzat aurrez ere eginda zituen Andradek.
Batetik, lurpeko aparkaleku bi egin gura lituzke PPren alkategaiak, bata Ereagan eta bestea Areetako Kale Nagusian. Proposamenaren arabera, 400 auto sartzeko lekua legoke lehenengoan eta 200 bigarrenean. Ereagaren kasuan, inguru horretan udan TAO egon dadila eskatu du Eduardo Andradek (zirkulazio-zerga Getxon ordaintzen dutenak salbuetsita egongo lirateke hura pagatzeaz). Ereaga eta auzoak lotuko lituzketen autobus linea bi egiteko proposamena ere birgogorazi du hautagaiak. Azkorriko hondartzaren inguruan, berriz, beste aparkaleku bat eskatu du, baina kasu honetan karabanentzat.
Areetako Xake Plaza eraldatzeko proiektua ere aurkeztu dute popularrek. Azaldu dutenez, zuhaitzak eta lorategiak, umeentzako jolasguneak eta musika-kioskoa edukiko lituzke inguruak, euren egitasmoa gauzatuz gero. "Hainbat urtez, leku hori zabalgune hutsa izan da, EAJren karpa eskerga kokatzeko balio zuena. Zementua baztertu eta udalerako berdegune bat sortu gura dugu hor", esan du Eduardo Andradek.
Aipatutako zenbaitzuk legez, beste proposamen nagusia ere ez da berria: Arrigunaga eta Portu Zaharra lotuko dituen pasabide bat, 430 metrokoa. PPren esanetan obra horrek "Getxoko kostaldea guztiz lotuko luke". 2018ko apirilean eztabaidatu zuten proposamena Getxoko Udalbatzan, eta gainerako alderdi denak aurka agertu ziren.