L´Oreal-Unesco for Women in Science saria jaso zuen 2017an, eta 2018an QUO zientzia-selekzioko kidea izan zen. Materia kondentsatuaren fisikan doktoratu zen EHUn, eta atzerrian zenbait egonaldi egin ostean, Donostiako International Physics Center-en dihardu gaur egun, Ikerbasqueko ikerlari modura. Material topologikoen gainean egindako aurkikuntzen gainean berbaldia emateko Parisen dagoela egin diogu ondoko elkarrizketa.
Ikerbasquek emakume ikertzaileen lana nabarmentzeko ematen duen aitortza jaso zenuen joan den astean, Maria Isabel Arriortuagaz eta Aitziber Lopez-Cortajarenagaz batera. Emakume zientzialarien lana bistaratu beharrean gaude oraindino...
Hala da. Zoritxarrez fisikan oso emakume gutxi gaude, eta gaudenak ez gara ezagunak, ez gara argazkietan agertzen. Zer edo zer inportantea egiten dugunean hori ikusaraztea ideia ona da, eredugarria izan dadin, eta ikus dadin emakumea izanda fisika egin daitekeela. Ikusarazi beharra dago egiten dugun ikerketa liluragarria dela, sormen handikoa, eta hemen lan egitea gauza ona dela.
Kristalezko sabaia igarri egiten da eguneroko jardunean?
Fisikarena oso giro maskulinoa da. Gizartean sexismoa existitzen da eta inguru maskulino batean are handiagoa da, ez dago misteriorik hor. Egunero nabaritzen den? Bai, komentarioak, jarrerak… Esan ohi dut gure ohiko lana putzu batetik igeri egiten ateratzea dela, eta emakumeon kasuan harri bat lotuta dugula egin behar dugula lan hori. Orain daukagun informazioarekin oso erraza da sexismoa identifikatzea; adibidez, nik lizentziatura egin nuenean irakasle guztia gizonak ziren, eta ez nuen horretaz hausnartu, hala zen eta kito. Orain, horrelako gauzak ikustean berehala atzematen dut sexismoa. Dena den, pausoak ematen ari dira hori gainditzeko; esaterako, berdintasun-batzordeak dauzkagu.
Material topologikoetan egindako aurkikuntzengatik nabarmendu zara. Ez dakit erraz esplika litekeen zer diren.
Barrutik isolatzaileak diren eta gainazaletik korrontea zirkulatzen uzten duten, eroaleka diren materialak dira topologikoak. Korronte hori kuantikoa da, kuantizatuta dago, eta hori oso garrantzitsua da aplikazioetarako, korrontearen balioa zehatz ezagutzen dugulako, ez daukalako disipaziorik (ez da energiarik galtzen bero moduan), edo ia ez, eta oso sendoa delako, hau da, topologikoki babestuta dagoelako, hau azaltzeko konplikatuagoa da. Hiru ezaugarri horiei esker isolatzaile topologikoak oso bereziak dira, eta aplikazio asko izango dituzte elektronikan eta optikan. Silizioa ordezkatuko duten materialak dira.
Laster ikusiko ditugu aplikazio horiek?
Denbora beharko da, agian hamarkada bat. Lehenengo, material topologikoen artean egokiena aurkitu beharko dugu, eta gero ingeniaritza-lan handia egin beharko dugu aplikazioa garatzeko. Pentsa, orain dauzkagun erdi-eroaleak 70eko hamarkadan aurkitu ziren.