Salaketaren testuaren arabera, maiatzaren 20ko goizean GUK Getxoko hiru kidek Ina Robles (Elkarrekin Podemosen alkategaia) ikusi zuten, euren alderdiaren kartelak kentzen hauteskunde-propagandako panel batetik. GUKeko hiru kide horiek, hain zuzen, ohar bat jaso zuten Getxoko hainbat lekutan beren alderdiko kartelak kenduta edo manipulatuta zeudela esanez, eta salaketak dioenez, hala ote zen begiratzera joan ziren. Udalerriko propaganda-gune gehienetan euren kartelak kenduta edo desitxuratuta zeudela behatu ostean, Santa Ana plazako panelaren egoera ikustera zihoazela Ina Robles ikusi zuten Udaletxe inguruko kartelak kentzen, salaketan adierazten denez. Salaketa hori Getxoko Justizia Jauregiko guardiako epaitegira eroan dute, Hauteskunde Batzordera ez ezik.
Adierazi dutenez, kenduta ez zeuden kartelen gainean beste bat zegoen itsatsita, zeinean irakur zitekeen GUK ez dela hauteskundeetara aurkezten. Argitu beharra dago gaur egun Udalean hainbat zinegotzi daukan indarra ez dela, juridikoki, maiatzaren 26ko hauteskundeetara aurkeztuko den bera, bertako kide batzuek alderdien erregistroan inskribatutako izen bereko alderdi bat baizik, azken lau urteotan Udalean egindako lanari jarraipena eman gura izan diotenak, bertako iturrien esanetan.
Aitzitik, 2015ean aurkeztu zen GUKen zati handi batek oraingoan Elkarrekin Podemosen barruan aurkeztea erabaki du. Martxoaren 28an egindako bozketan, GUKen jarraipena gura zutenei hauteskundeetara sigla horiekaz joateko baimena ukatzea gailendu zen, GUK Getxoren webgunean sartu eta berehala nabarmentzen denez. Hauteskunde Batzordeak, zelangura, onartu egin zuen izen hori duen alderdia aurkeztea, eta hala, Getxoko hamaika hautagaitzetako bat da GUK, azken lau urteotan zinegotzia izandako Kike Prada alkategai duela.
Momentuz Udalean dagoen GUK izeneko indarrari dagokionez, berriz, ez da alderdia, hautesle-elkartea baino, eta beraz aldi baterako sortua da. Hau da, legegintzaldiagaz batera amaituko da haren ibilbidea. Gaur egun dituen lau zinegotzietatik, bi Elkarrekin Podemoseko zerrendan joango dira.
Horietako bat, Paula Amieva, GUK Getxok Ina Roblesen kontra ipinitako salaketan aipatzen da. Zehazki, salaketaren testuan ustezko gertakarien berri ematen duten GUKeko kideen arabera, Roblesegaz batera Elkarrekin Podemosen dabiltzan beste pertsona batzuk ere bazeuden, tartean Amieva bera. Salaketak dioenez, kartelak kentzeko momentuan bizilagun batek telefonoagaz egindako argazki batzuk utzi zizkien GUKeko hiru kide horiei, eta argazkiok froga modura eman dizkiote bai epaitegiari bai Hauteskunde Batzordeari.