Aurten ekin diote Uribe Kostan ere EusLider proiektuari, Algortako San Nikolas Ikastolan. Gainera, datorren urtean Betiko Ikastolak bat egingo du ekimenagaz. Besteak beste, Zornotzako Urritxe BHIko ikasleek, Ordiziako Udaltzaingoak, Portugaleteko udal-langileek eta Gernikako Futbol Taldeko jokalariek proiektuan parte hartu dute daborduko egitasmoan.
Helburuak gazteen hizkuntza-ohituretan eragitea eta euskara gehiago erabiltzearen aldeko aldaketa sustatzea dira. Hori lortze aldera dabiltza 2018-2019 ikasturtean San Nikolaseko talde bategaz lanean, hizkuntza-ohituren aldaketa "modu atsegin eta dibertigarrian" egin daitekeela erakusteko. "Jabekuntza- eta ahalduntze-prozesua gauzatu nahi dugu", esan digu Ander Herranzek (Berango, 1989).
Hiru zikloko prozesua
Hiru ataletan banatzen dute proiektua: lehenengo, eskolan AEK-ko teknikariek ikasle denei azaltzen diete hizkuntza-aniztasunaren beharra, eta boluntarioak eskatzen dituzte hurrengo eskoletan ekintzak gauzatu ditzaten. Izan ere, bigarren zikloan eurak, ikasleak, izango dira protagonistak, euren esku egongo baita ekintza sozialak garatzea: orain arte lehiaketak, ginkanak eta bideoak egin izan dituzte, besteak beste.
Azken zikloa hurrengo ikasturtean egingo dute: eurek emango diete 2. DBHko ikasleei lehenengo zikloko eskola. "Hizkuntzarekiko jarrerak lantzea, eraldaketa sustatzea, portaera berriak sortzea eta hizkuntza-lidergoa indartzea ditu helburu", esan digu Herranzek. 75 ikasle inguru ziren lehen zikloan; bigarrenean, ordea, hamaika. "Batzuek oso ondo egiten dute lan, Beste batzuek, berriz, eskolak galtzeko asmoz izena eman zuten. Hala ere, laster interesatu ziren eta motibatuta daude orain", diosku.
Kutsu positiboa euskarari
AEKn hizkuntzari "bizio positiboa" ematen saiatzen direla dio Herranzek: "Hizkuntzarekiko ideia negatiboak etsitu besterik ez du egiten, guk argudio positiboen erabilera egiten dugu ikasleekin: eleaniztunak izateak aberastu egiten gaituela diogu".