Urtebete igaro da Uribe Kostako hondartzetan bainua hartzea debekatuta egon zenetik, uraren kutsadura zela eta. Euriteen ondorioz estolderia-sareak gainezka egin izanari egotzi zion gertatutakoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak; hala ere, GUK Getxoren iritziz azalpena ez zen sinesgarritasun handikoa izan. "Garai horretan, ur fekalez gainezka egiten zuen Ur Partzuergoaren gainezkabide bat topatu zen Usategi inguruan, eta oraindino ere kutsatzen jarraitzen du", salatu dute ekologistek eta auzokideek.
Egoera horren aurrean, isurketa konpon dezaten eskatu diote Ur Partzuergoari eta Getxoko Udalari. "Utzikeriaren ondorioz galdutako urte hau instituzioei egozteko modukoa izan arren, Ur Partzuergoarekin eta Getxoko Udalarekin izandako harremanetan jasotako erantzunak azkenean ekintza zehatz bihurtzearen itxaropena dugu", azaldu dute. Hala, erakundeok ahalik eta lasterren koordinatu, arazoa topatu eta konpontzea espero dute salatzaileek. "Izan ere, arazo hau Getxoko azkenengo hondartza hutsean gertatzen ari da. Bertan, inguruotako ubarroi kolonia bakarra dago eta inguruan dauden Arrigunaga eta Ereaga hondartzetako bainurako uren kalitatean ere eragin zuzena dute isurketa horiek, baita horietara bertaratzen diren milaka bainularirengan ere", ohartarazi dute.
HIRUKA Getxoko Udalagaz harremanetan jarri da gertakari horren inguruko zehaztasunak jasotzeko, eta arduradunek jakinarazi digutenez, arazoa aurkitu dute baina horrek ez du udal sareagaz inolako zer ikusirik. Hala ere, egoera "ahalik eta lasterren" konpontzeko egin beharrekoak egiten ari direla azaldu dute.