Elkarrizketak

Miguel Moyano (Gari & Maldanbera): "Inoiz baino musika gehiago sortzen da, baina gero eta zailagoa da entzuleengana ailegatzea"

Unai Brea 2019ko eka. 21a, 08:56

Urte asko daroatza Miguel Moyano (1969) getxoztarrak musikaz bizitzen, "musikaren arlo askotan, kontuak ez baitira errazak eta dibertsifikatu beharra baitago". Musika-denda eta musika-eskola ditu Moyanok, baina batez ere gitarra jotzen du ("horixe da nire pasioa"), besteak beste Gari & Maldanbera proiektuan. Datorren aste-akabuan EHZ festibalean egongo da, eta aitzakia horregaz jo dugu berarengana.

Ibilbide luzea egin duzu honezkero Garigaz. Gari & Maldanbera izena du orain proiektuak.

Bai, urte asko daroat haregaz jotzen. Lehen, proiektuaren izena Gari zen, beste barik, baina orain dela pare bat urte berak erabaki zuen izen egokia Gari & Maldanbera zela, maldan behera ibiltzen hasi ginelako hain zuzen ere.

Lehenago maldan gora ibiltzea egokituko zitzaizuen orduan...

Hainbat urtez biok bakarrik ibili ginen proiektua aurrera ateratzen, han-hemenka (AEBetan ere jo izan dugu), gitarra bigaz, batzuetan pistak ipiniz... Momentu latzak egon ziren, berak krisi musikal latz bat izan zuen, diskografiken krisia ere etorri zen, eta abar. Lan gutxiago zegoen, kontzertu gutxiago, entzule gutxiago. Noraezean genbiltzan, gauza berriak saiatuz, eta halako batean momentua ailegatu zen non gure soinua findu genuen, proiektua bera findu genuen, eta kontuak errazago ateratzen hasi ziren, maldan behera bezala. Hori da izena aldatzearen arrazoia.

Daborduko ez zarete bikote hutsa.

Tira, proiektuak Garirena izaten jarraitzen du, noski. Baina orain Natxo Beltran ere badaukagu bateria-jotzaile (Garigaz ibili zen Esperantzara Kondenatua diskoan) eta Oier Aldekoa baxu-jotzaile.

Hori da gitarra-jotzaile modura duzun proiekturik garrantzitsuena? 

Gari asko estimatzen dut, gauza asko egin dugu elkarregaz, eta uste dut musikari handia, kantari handia eta konposatzaile handia dela. Proiektu hori asko maite dut egiten dugun musika-motagatik, baina banabil beste batzuetan ere. Esaterako Smile taldean, Getxoko talde bat da, kanporako proiekzio handikoa, asko jotzen dugu Iberiar penintsula osoko jaialdietan eta abar. Izan ere honakoa hirugarren urtea dugu biran, eten barik. Eta banabil ere Era Bateragaz. Hor gehienbat teklatuak jotzen ditu ailegatu nintzenerako gitarra-jotzaile asko zegoelako, kar kar. Proiektua Gatibuko bateria-jotzailearena da, Mikel Caballero, niretzat anaia bezalakoa da, eta hor dabiltza ere Ken Zazpiko gitarra-jotzailea, Willis Drummondeko kantaria...  Eta besteren batean ere banabil, ez nago geldi.

Estilo eszberdinetako taldeak dira?

Oso. Garirena gaur egun rock lasaia da, The Nationalen tankerakoa, oso dentsoa, ñabarduraz betea. Era Batera rock klasikoagoa da, gogorragoa. Eta Smilek Kaliforniako indie-a eta beste joera batzuk nahasten ditu.

Hainbeste proiektutan ibiltzea zer da, gustua edo beharra?

Musikaren munduan erremantizismo handia dago, gauza asko ez dira egiten diruagatik bakarrik, baizik eta interesatzen zaizkizulako edota dibertitzen zaituztelako. Gauza gutxiago egin nezake, baina momentu honetan, egia esan, gogoa daukat hala ibiltzeko, batzuetan ozta-ozta ibiltzen banaiz ere.

Gar¡gaz jotzen zazudetela, Hertzainaken mamua dabil inguruan?

Beti. Ez gure artean, oso argi baitakigu Gariren jarrera horrekiko zein den; aipatu ere ez dugu egiten. Baina entzuleek bai, eskatzen dituzte Hertzainaken kantuak. Guk ez ditugu errepertorioan finko, baina ia emanaldi denetan, momenturen batean, Gari ateratzen da bakarrik, gitarra akustikoa eskuan, eta Hertzainaken ale batzuk egiten ditu. Talde modura baditugu batzuk entsaiatuta, baina normalean ez ditugu jotzen.

Hortik aldendu gura izan du Garik?

Logikoa da eboluzioa egotea artisten ibilbidean, eta hori da ederrena. Nik ez diot zentzurik aurtitzen 80ko hamarkadan modu batean jotzen zuen talde batek gaur egun modu berean jotzen segitzeari. Harrigarria gertatzen zait, nahiz eta badakidan batzuek diotela: "Zergatik ez du egiten niri gustatzen zitzaidan hura?". Ezin dut ulertu. Eboluzioa beharrezkoa da, ezin daiteke bizi beste barik kantu zaharrak joz.

Bada, hain zuzen, aspaldiko taldeen omenez sortutako taldeak ditugu barra-barra, eta arrakastatsu itxuraz.

Beharbada jendeak revival-ak gustuko dituen momentu batean gaude. Oilo-ipurdia ipintzen dioten kantuak entzun gura ditu, gaztaroa gogora ekartzen diotelako.

Zu musikari profesionala zara aspalditik, eta egunero zaude harremanean mundu horretan sartu guran dabiltzan batzuekaz. Zer iritzi duzu egoeraz?

Krisia maila guztietan dago, baina ez nuke esango musikaren krisi espezifiko bat dagoenik oraintxe. Inoiz baino gehiago ari da programatzen, inoiz baino kontzertu gehiago dago, inoiz baino disko gehiago kaleratzen da, inoiz baino kantu gehiago sortzen da... baina gero eta zailagoa da entzuleengana ailegatzea.

Zergatik?

Eskaintza zabalegia delako. Musika bat plazaratu dut, eta orain, zelan lor dezaket jendea nire kontzertuetara etortzea? Hori da oraingo borroka handia, sare sozialetan eta abar, entzuleak erakartzea.

Askok hartu dute zartakoa industrian izandako aldaketa sakonei ezin egoitzeagatik?

Bai. Jokoaren arauak izugarri aldatu dira. Daborduko ez da diskorik saltzen, zuzenekoetan bertan ez bada. Spotify dago orain, eta hortaz bizi dira dinosauro handienak ere. Mainstreamean mainstreamenak, Ed Sheeranek esaterako, milioika eta milioika entzunaldi ditu, ikaragarria da. LPak erruz saltzea amaitu da, Spotify eta halako plataformetan dauden entzunaldiak neurtzen dira gaur egun.

Eta zertaz bizi da mainstreamekoa ez den profesionala, adibidez zu?

Jotzeaz. Txartelak saltzeaz. Eta horrek sektorea erregulatzen du. Aspaldi, hemen oraindino udalek artistei errealitateagaz bat ez zetozen dirutza izugarriak ordaintzen zizkieten garaian (tira, batzuek hala egiten dute oraindino), Elvis Costellori irakurri nion, elkarrizketa batean, artista baten neurria sarrerak saltzeko duen gaitasuna dela. Ez dakit zein hiritara bazoaz jotzera, eta sarrerak saltzen badituzu, hau egiteko balio duzu.

Eta bizitzeko nahikoa da, lehen disko-salmenta zen bezala?

Ezberdina da. Hara, nik neuk beste musikari batzuentzat jotzen dut, eta ez nabil talde bat errentagarri bihurtzeko borroka horretan. Baina ikusten dut egunerokoa, eta badakit zaila dela. Cádizera zoaz jotzera, gastuak dauzkazu, bidaia, hotela... Ez bada jende-kopuru bat sartzen aretoan, ez da errentagarria, eta beti ez da jende-kopuru hori erakartzea lortzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun