Amaia Agirre Getxoko alkate jeltzaleak eta Carmen Diez talde sozialistaren bozeramaileak esan dutenez, "elkarrizketaren eta ezberdinen arteko adostasunaren alde lan egingo dugu, Getxorako gobernu-programa onena lortu ahal izateko". Arloen banaketa datorren barikuan, ekainaren 28an, egingo den osoko bilkuran onartuko da. Hala ere, Gizarte Eskubideen zinegotzigoa sozialisten eskuetan egongo dela aurreratu dute.
Agirrek azpimarratu duenez, programa-akordioa da. Halaber, erakundeetan alderdi bakoitzak lortutako emaitzak kontuan hartuz, eta joan den legegintzaldian foru- zein udal-mailan izandako koalizio-gobernuen esperientzian oinarrituz, 2019ko ekainaren 14an toki- zein foru-erakundeetan gehiengo egonkorrak osatzeko akordioa itxi zuten EAJk eta PSE-EEk. Horrek Getxori gehiengo egonkorra bermatzen dio datozen lau urteetan helburu estrategikoak bultzatu eta garatu ahal izateko, "Getxo berritzailea, jasangarria, lagunkoia, osasungarria, berdea eta emakumeen eta gizonen neurrikoa lortu ahal izateko; hori guztia leihatila bakarraren gardentasunaz eta hurbiltasunaz, auzokideek Udalarekin duten harremana arina eta eraginkorra lortze aldera", arduradunek azaldu dutenez.
EAJren eta PSE-EEren artean lortutako akordioan, besteak beste, hurrengo oinarrizko konpromiso hauek jasotzen dira: zerbitzu publikoa hobetu eta modernizatzea, aurrekontu orokorra onartzea eta Udalaren jasangarritasuna bermatzea, HAPOa egiteko oinarrizko printzipioak ezartzeko akordioa, etxebizitza publikoaren eskaintza eta jarduera ekonomikoa areagotu eta hobetzea, baita jarduera ekonomikoa edota ezagutza eta ikerketa Getxon bultzatzea ere.
Carmen Díaz sozialistak esan duenez "Getxoko auzokideen eta elkarteen esanetara egongo den gobernua izango da; era berean, Udal berria osatzen duten alderdi politiko guztien esanetara, elkarrizketa eta topagunea izateko apustu garbiaz".
Lan-ildoak
Akordioak, besteak beste, honako lan-ildo hauek proposatzen ditu: Etxebizitza Plan bat prestatzea hiritarren beharrizanei erantzuteko, errenta sozialaren aldeko apustu garbia eginez. Halaber, akordioan aurreikusita dago Areetako Xake plazan eta inguruan esparru bat sortzea herritarren gozamenerako eta alokairu sozialeko etxebizitza berriak eta aparkalekuak eraikitzea Romo-Areetan. Horren harira, sozialistek nagusien etxea defendatuko EH Bilduk kritikatu du akordio horrek "arriskuan" jartzen duela Itzubaltzeta/Romoko nagusien etxea: "Kasu honetan ere, beraz, PSEk EAJri men egin dio".
Thinking Fadura egitasmoa garatzearen alde egin dute horretan baita ere, aisia, osasun eta kirol alorreko proiektuak gauzatzeko elkarteen parte-hartzeagaz. Getxo "abangoardia kulturalean" kokatu gura da Muxikebarri Arte, Kultura eta Kongresuen Zentroagaz. Era berean, udalerrian dagoen talentua bultzatu gura dute, baita Algortako Coworkinga edo haregaz lotutako enpresen haztegia ere; merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonalak bultzatuko dira Getxon, lanpostuak sortzen lagunduz.
Mugikortasun jasangarriaren ereduan aurrera egitea hitzartu dute: Ibarbengoako geltokia, Gainzako aparkalekua, TAOren berrikustea, irisgarritasun proiektu batzuk eta Aiboan berdegune berri bat sortuz.
Gizarte zerbitzuen aldeko apustuaren harira, aniztasuna, berdintasuna eta zahartze aktiboa artatuko dira eta zentro berritzaile eta belaunaldi arteko berria sustatuko dute, bertan Itzubaltzeta/Romoko gazteentzat egoitza bat eta zuzkidura-bizitokiak izango dira; baita elkarteen arteko harremanetarako espazio bat ere, udal iturriek jakinarazi dutenaren arabera.
Punta Begoña Fundazioa bultzatzeko lankidetza publiko-pribatua ere adostu dute, Getxoko kultur ondarearen balioa nabarmentze aldera.