Hiru taldeen esanetan, ohitura dago aipatutako eremu horretan lubaki txikiak irekitzeko, zuloak egiteko, porlana erabiltzeko (ingurua lehengoratzea zailduz), zuhaitzei kalte egiteko eta zabor ugari bertan uzteko. Horren guztiaren erantzukizuna Udalak du, auzokideen eta ekologisten iritziz: "Ezin dute euren betebeharra saihestu".
Erakundeen ardura azpimarratzeaz gainera, herritarren kontzientzia iratzarri gura izan dute hiru elkarteek: "Txoko natural honek merezi dituen zaintza eta errespetuarekiko kontzientzia hartzera dei egiten diegu bertan egoten direnei". Porlanik ez erabiltzeko eta bestelako kalterik ez egiteko eskatzen dute. Era berean, Udalari exijitu diote jai-gunea baso-eremutik kanpo utz dezala.
Getxon inguru natural gutxi daudela eta dauden horiei kalte egitea ondorio larriak dituela gogorazi dute Getxoko Auzokideek, Ekologista Martxanek eta Eguzkik. Bertako landareez gain, hegazti- eta ugaztun-espezie interesgarriak topa daitezkeela azaldu dute, eta paelletako kontrolatu gabeko eremuak kalte handia egiten diela gaineratu dute.