Gaur hasiko da Getxophoto jaialdia

Erredakzioa 2019ko ira. 4a, 12:58
Joy Buolamwini artistaren "Algorithmic Justice League" laneko irudietako bat. © GETXOPHOTO

Gaur egungo azelerazioak, automatizazioak, adimen artifizialak zein aurrerapen teknologiko eta zientifikoek norbanakoei eragiten dizkieten erronkak izango dituzte hizpide irailaren 29ra bitartean ikusi ahal izango diren Getxophotoko irudiek.

Irantzu Uriarte Kultura zinegotziak adierazi duenez, Getxophotok bere lekua finkatu du korronte artistiko abangoardistenen eta aurrerakoienen ispilu gisa eta nazioarteko mailako ezagutza eta dibulgazio ekitaldi kulturala bihurtu da: “Ekimen hau Begi Handi elkartearen lanaz gain, beste eragile pribatu eta sozial, kultural, merkatari, txoko, ostalaritzako establezimendu eta zaletu askoren arteko kolaborazioaren emaitza da, berriz ere, udala eta eragile ezberdinak elkarlanean”.

Egitaraua

Ohikoa denez, jaialdiaren lehenengo aste-akabu honetan bilduko dira jarduera gehienak. Opening, irekiera ekitaldia, eguenean izango da Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan, 19:30ean. Jokin Aspuru Getxophotoren zuzendariak adierazi duenez, “oso ekitaldi berezia izango da. Bertan Monica Allende komisarioa eta parte hartzen duten 13 artista egongo dira eta, ospakizuna borobiltzeko, Neil Harbissonek, ofizialki lehen zyborg bezala aitortua izan den artistak, kontzertu labur sailkaezina eskainiko du”.

Barikuan, hilaren 6an, Itxialdiaren zazpigarren edizioa egingo da Begoñako Galerietan. Egun osoan zehar, etorkizunari buruz eztabaidatuko dute horretara bertaratuko diren denek, hainbat adituk eskainiko dituzten solasaldiak eta aurkezpenak lagunduta.

Larunbatean, hilak 7, San Nikolas plazatik abiatuta, bisita berezi bat egingo dute jaialdiaren ibilbidean barrena, 11:30etik hasita; bisita marmitako dastaketa bategaz bukatuko da.

Arrastian, jaialdian parte hartzen duten artistakaz topaguneak egongo dira Torrene Aretoan, Algortako Azokan, Zabala ikastetxean eta Info Gunean. Domekan, irailaren 8an, Torrene Aretoan, mundu birtualei buruzko topaketa egingo da (ingelesez) Ali Eslami artista iraniarragaz.

Era berean, hilabete osoan zehar, kaleetan, Info Gunean eta Torrene Aretoan dauden erakusketak bisitatu ahal izango dira; egitarauak beste hainbat jarduera jasotzen ditu baita ere, hala nola zapatuetako Hamaiketakoak, Begoñako Galerietako Oheak proiekzioak, “Getxophoto por…” topaguneak, eguneko eta gaueko bisitak, edalontzi-azpikoen ibilbidea…

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun