Aisialdi-eskaintzaren eskaera asetzeko martxan jarri zituen ikastarook Getxoko Kultur Etxeak duela 30 urte baino gehiago. Azaldu dutenaren arabera, jasotako eskaerak eta ordutik bildutako eskarmentua kontuan hartuta, 50 urtetik gorako erabiltzaileei eta nagusiei bideratu zen bereziki tailerren eskaintza. Erabiltzaile talde horretan gaztelaniaren erabilera nabarmena da.
Hala ere, arduradunek jakinarazi dute azken urteotan saiakuntza batzuk egin dituztela euskarazko tailerrak sustatzeko, "baina horien emaitza ez da ona izan, taldeak osatzeko gutxieneko ikasle-kopurua ez baitzen betetzen".
Bestalde, Getxoko Udaleko beste arlo batzuek beste adin-tarte ezberdinetarako ikastaroak antolatzen dituztela ohartarazi dute kultura arduradunek, hala nola Gazteria Zerbitzuak eta Berdintasun arloak. "Horietan badago euskarazko eskaintza eta, beraz, publiko horietara zuzendutako eskaintza zabaltzea ez zaigu beharrezkoa iruditu". Horiez gainera, Kultur Etxeak kultura-aisialdiko ikastaroen eskaintzan dauden zortzi ikastaroetatik bi euskaraz direla azpimarratu dute; hala ere, azken horietan batzuetan gutxieneko ikasle-kopurua betetzen ez dela ohartarazi dute.
Joan den urtean ikastaro horien azterketa egiten hasi zirela jakinarazi dute, "eskaintza berritzeari ekiteko asmoz". Hala, iaz saiakerak egiten hasi ziren eta bizpahiru ikastaro berri martxan jarri zituzten, eta aurten gauza berdina egingo dutela azaldu dute: "Jasotako emaitzak aztertu ondoren, datozen urteotan eskaintza aldatzen hasiko gara pixkanaka-pixkanaka, eta horretan euskarazko eskaintza kontuan izango dugu".
Getxoko EH Bilduk gaztelerazko eskaintza salatu eta euskarazko ikastaroak martxan jartzea eskatu du. Horretarako, sinadura-bilketa eta atxikipen kanpaina abiatu du. Koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, sinadurak Change.org plataforman biltzen dabiltza; hala ere, eguazten eta bariku honetan, goizez, sinadurak batuko dituzte Algortako Telletxe plazan eta Romo Kultur Etxearen aurrean. Bestalde, Getxoko Udalak getxoztarren hizkuntza-eskubideak "urratzen" dituelakoan, salaketa jarri dute Hizkuntz Eskubideen Behatokian.
Horren aurrean, Getxoko Kultur Etxeak erantzun du azken egunotan jasotako iritzi denak kontuan izango dituela etorkizunari begira eta edozein iradokizun jasotzeko prest daudela tailerren zerbitzua hobetu eta jendeak adierazitako beharretara moldatze aldera.