11/13 makroepaiketako auzipetuek prentsaurrekoa eman dute irailaren 14rako deitu duten mobilizaziorako astebete falta dela. Epaiketa “jendartearen nahiaren kontrako norabidean” doala, eta “iraganeko estrategia errepresiboen” jarraipena dela adierazi dute. Iragan horrekin apurtzeko, 11/13 prozedurarekin amaitu ez ezik, preso eta iheslari politikoen auziak “soluzio agenda bat” beharko luke. Konponbide hori jendartearen mobilizazioak ekarriko duela iritzita, larunbatean Bilboko kaleak betetzeko deia egin diete herritarrei.
Epaiketaren aurretik akordio bat egiteko aukeraz galdetuta, auzipetuek azaldu dute egun ez dagoela akordiorik mahai gainean, baina ez dutela aukera baztertzen: "Aukera guztietara irekiak gaude. Aztertu eta erabakiko genuke, erantzukizunez, baina epaiketara goaz Madrilera".
Elkartasun olatua
Epaiketaren data ezagutu zenetik herritarren aldetik elkartasun “olatua” jaso dutela nabarmendu dute auzipetuek,esker ona adieraziz: “Pozik gaude jasotako babesarekin”.
Asteburuan, hain zuzen ere, auzipetuen herrietan sortutako babes taldeek dozenaka ekimen antolatu dituzte, haien herrikideei elkartasuna adierazi eta Bilboko manifestaziora dei egiteko.
Albiste hau Argia.eusek argitaratu du eta Creative Commons BY-SA lizentziari esker ekarri dugu.
* Irailaren 13an kaleratuko dugun 150. HIRUKAn Oscar Sanchezi egindako elkarrizketa sakona irakurri ahal izango duzue.