Sanchezi eta beste 46 auzipetuei babesa adierazteko manifestazioa egin dute

Erredakzioa 2019ko ira. 9a, 13:46

Manifestazio jendetsua egin zuten barikuan Itzubaltzeta/Romoko kaleetan.

Datorren astelehenean, hilaren 16an, 11/13 auzian epaituko dituzten Oscar Sanchez itzubaltzetarrari eta beste 46 auzipetuei babesa eta elkartasuna adierazteko manifestazio jendetsua egin zuten Itzubaltzeta/Romon joan den barikuan, hilaren 6an.

"ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, 47 euskal herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean irailaren 16an, Oscar Sanchez abokatu itzubaltzetarra barne. Hori salatzeko eta azken horri elkartasuna adierazteko, aste-akabu berezia antolatu zuten joan den bariku eta zapaturako Itzubaltzeta/Romon.

Hala, Uribe Kostatik etorritako ehunaka pertsona batu zen barikuan Itzubaltzeta/Romon, datorren astean epaituko dituzten denei babesa adierazteko. Mobilizazio horren ondoren beste hamaika ekitaldi egiteko egitaraua osatua zuen Oscar Herrian plataformak; hala ere, Getxoko Udalak horietako hainbat bertan behera uztea agindu zien Getxo Folk jaialdia zela eta. Hortaz, hainbat jarduera ezin izan ziren egin, eta beste hainbat lekuz aldatu behar izan zituzten.

* Irailaren 13an kaleratuko dugun 150. HIRUKAn Oscar Sanchezi egindako elkarrizketa sakona irakurri ahal izango duzue.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun