Elkarrizketak

Getxoko Munduko Arrozak: "Arrozak denok batzen gaitu, integraziorako elementua da"

Iker Rincon Moreno 2019ko ira. 11a, 15:01

Ruth San Cristobal, Lidia Campos eta Dani Gutierrez.

Aurten ere, Getxoko hainbat eragilek Munduko Arrozak kulturartekotasun-jaia prestatu dute domeka honetarako, irailaren 15erako. Kalea hartu, batzen gaituena ospatu eta elkarregaz aritu, horiek dira, besteak beste, ekimen horren helburuak. Ruth San Cristobal Amesten elkarteko, Lidia Campos ACPBOL elkarteko eta Dani Gutierrez Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideakaz berba egin dugu horren inguruan sakontzeko.

Zer da Munduko Arrozak?

Ruth San Cristobal: Duela 20 urte inguru Bilboko San Frantzisko auzoan hasitako herri-ekimen bat da. Horren helburua da kulturartekotasuna aldarrikatzea, kaleak berreskuratzea eta egun batez kultura ezberdinak denon artean konpartitzea; kasu honetan, arrozaren inguruan.

Dani Gutierrez: San Frantzisko auzoan hasi zen, baina urtez urte beste hainbat udalerritara zabaldu da, hala nola Gernikara, Gasteizera, Errenteriara, Durangora eta Getxora. Duela hiru urte egin genuen lehenengo aldiz hemen, inguruotan dauden askotariko hainbat elkarte horrekiko interesa izan zezaketelakoan. Gaur egun hurrengoak gaude koordinakundean: Sortarazi, Amesten, Aisibizia, Argia Funda, Berdintasuna, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Eskubeltz Eskaut Taldea, ACPBOL eta SIKAP.

R.S.C: Bai, askotariko elkarteen kideok parte hartzen dugu horretan; berbarako, Amesten elkartea Munduko Arrozen koordinakundeko kidea da dibertsitate funtzionala duten pertsonek ekintza komunitarioetan parte hartzea ahalbidetzen dietelako, berdintasunean oinarrituta.

Zergatik arroza elkargune gisa?

R.S.C: Arroza munduko leku denetan dagoen elikagaia da; herrialde denek kozinatzen dute, askotariko modutara, eta arroza oinarrizko elementua da kulturen arteko esperientziak konpartitzeko.

Lidia Campos: Arroza mundu osoan jaten da bai, eta kultura bakoitzean modu batera edo bestera egiten da. Hala, arroza denok batzen gaituen gauza bat da, integraziorako elementua da.

Zer dela eta erabaki zen mota horretako ekimen bat Getxon egitea?

D.G: Egia esanda, ez dago arrazoi berezirik egiteko. Duela hiru urte, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekook pertsona migratzaileei harrera duina egitea beharrezkoa zela aldarrikatzen genuen, eta iruditu zitzaigun mota honetako ekimenak egitea onuragarria izan zitekeela. Aitzakia bat da askotariko jendea leku berdin batean batzeko eta kulturartekotasun hori sustatzeko. Jai bat da, bai, baina ez da Getxon egiten diren paellen modukoa. Horrek ere bere alde positiboa du, baina Munduko Arrozen jaiak mundu osoko pertsonak elkartu gura ditu, erakusteko den-denek bere lekua dutela hemen.

Kaleetan kulturartekotasuna ikustaraztea garrantzitsua da jakinarazteko kultura ezberdina dutenen arteko elkarbizitza egingarria eta posiblea dela erakusteko. Zer egoera bizi dute gaur egun Getxon dauden pertsona migratzaileak?

L.C: Duela 19 urte etorri nintzen Getxora, eta beti beso-zabalik hartu naute. Getxoko Udalak, gainera, immigrazio-teknikaria du, eta hori oso gutxitan ikusten da udal batean. Harrera oso ona izan dugu hemen, eta laguntza jaso dugu beti integrazioan laguntzeko. ACPBOL elkartekook, gainera, Aixe Getxo saria jaso dugu gure ondare kulturala zabaltzeagatik. Izan ere, urrun gauden arren, beti saiatu izan gara gure kultura erakusten jendarteari, berbarako, Itzubaltzeta/Romon egiten ditugun inauteri boliviarrak egiterakoan. Oso pozik gaude egin ahal izateagatik.

Eta migratzaileek zer-zelako harremana dute euren artean?

L.C: Integratzea kostatzen da; hala ere, kirola tarteko beti aukera ona da erlazioak sustatzeko, horren erakusgarri dugu Adrebol futbol-taldea. Nik beti esaten diet ingurukoei integratzea beharrezkoa dela, eta horretarako aukera paregabea eskaintzen du kirolak, dantzak eta kulturak. Bestalde, oraindino "joan zaitezte zuen herrialdetara" bezalakoak entzun behar izaten ditugu, baina orokorrean oso pozik gaude hemen.

Gizarte arrazista batean bizi garela esango zenukete?

L.C: Esango nuke baietz. Aurrerapausoak eman dira, baina lan egin behar da oraindino. Batzuetan egoera desatseginak ematen dira, eta badago lana lapurtzera gatozela pentsatzen duen jendea; eta hori ez da horrela. Pertsona migratzaileen eskulanagatik izango ez balitz guraso askok ezin izango lukete lan egin, seme-alabak zaindu beharko lituzketelako; era berean, adineko asko zaharren egoitzetan egongo lirateke. Azken horien kasuan, migratzaileen eskulanari esker euren etxeetan daude. Ni, adibidez, etxe batean daramatzat 8 urte lanean, eta hiru seme-alaba zaindu ditut, eta oraindino jarraitzen dut.

Aipatu beharra dago nik Magisteritza titulua daukadala, Zuzenbidea ikasi dut hiru urtez eta funtzionario gisa jardun dut ere. Hala ere, Boliviatik alde egin eta Euskal Herrira etorri ondoren, ezinezkoa izan zait titulu horiek denak baliokidetzea. Gure elkartean, berbarako, ingeniariak eta arkitektoak ditugu, besteak beste, baina den-denak etxe-zerbitzuetan lan egin behar izaten dute.

Zeintzuk zailtasun izaten dituzue lana aurkitzeko?

L.C: Hein handi batean tituluak baliokidetzea. Bolivian oso zaila da, eta modu pertsonalean egin behar da. Gainera, burokrazia ezinezkoa izaten da. Ondorioz, bertan jasotako formakuntzari lotutako lan bat hartzeko beharrezkoak ditugun paperak izatea asko kostatzen zaigu. Hala ere, ez naiz kexatzen; oso pozik nago egindako lanagaz.

Zer esango zenieke jendeari domeka honetan Munduko Arrozak jaian parte har dezan?

D.G: Beldurra ken dezala eta anima daitezela, bakarrik edo lagun-artean guk zabaldu gura ditugun balioak konpartitzeko. Azken finean horixe da bilatzen ari garena: ahalik eta herriko jende gehien batzea elkarbizitza irudikatu ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun