Gaur, astelehenean, hasi behar zen 11/13 auzia Espainiako Audientzia Nazionalean. Auzipetu denek banan-banan pasatu dira epaimahaiaren aurretik eta den-denek onartu dituzte egindako akusazioak. Ondorioz, hasi bezain laster amaitu da epaiketa. Aitortza atzeratuaren aringarria aplikatu diete denei, eta aurretik egindako eskaerak nabarmen jaitsi dira: 14 eta 8 urte arteko kartzela eskaeratik, gehienez 3 urte eta erdikora.
Lortutako akordioaren arabera, denek espetxea saihestuko dute, Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak izan ezik. Talde armatuko buruzagi izatea leporatuta, lehenengoak hiru urte eta sei hilabeteko zigorra jaso du eta bigarrenak urte bi eta zazpi hilabetekoa. Hala ere, aldez aurretik behin-behineko espetxealdian betetako denbora kontutan hartuta, orain bost hilabete egin beharko lukete espetxean.
Gainerako 45 auzipetuek urte bi eta urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorrak jaso dituzte. Hala ere, aurrekaririk ez dutenez, ez dira kartzelan sartuko.
"Akordioa erabaki kolektiboa izan da"
Akordioaren berri eman ondoren, auzipetuek azaldu dute akordioa erabaki kolektiboa izan dela eta salbuespen egoerak bultzatu dituela zigorrak onartzera, bestela horiek "askoz handiagoak izateko arriskua" zutelako.