Zelakoak izan ziren arraunaren munduan eman zenituen lehenengo pausoak?
2002an hasi nintzen entrenatzen, 15 urte nituela. Beti gustatu zaizkit kirolak, erresistentzia fisikoa eskatzen dutenak bereziki, tartean pilota bat sartzen bada ez bainaiz batere trebea. Horrez gainera, itsasoagaz duen loturak ere erakartzen nau. Orduan ez zegoen emakumerik Algortako Arraun Taldean, beraz, institutuko lau lagun batu, Arriluzera jaitsi eta taldetxo bat osatu genuen.
Algortatik Oriora heldu arte hainbat taldetan egon zara...
Bai. 2002tik 2007ra bitartean Algortan egon nintzen aulki mugikorreko modalitatean eta bateletan lehiatzen. 2008an Arkotera joan nintzen, Plentziara, herriko taldean ez zegoelako neska nahikorik. Urte hartan ere sortu zen emakumezkoen traineru-liga, eta Bizkaiko selekzioan parte hartu nuen 2011ra arte. Orduan joan nintzen Oreretako Hibaika taldera, berriz ere Bizkaian ez zegoelako neskarik. Hibaikan sei denboraldi luze eta oso polit bizitzeko aukera izan dut, eta 2017an Oriora joan nintzen, eta bertan daroatzat urte bi.
Ibilbide horretan zehar momentu garrantzitsu asko biziko zenituen, ezta?
Bai, momentu asko ditut markatuta. Lehenik eta behin, emakumeok estreinakoz egin genuenean arraun traineru ligan, 2009an, Galizian. Momentuan ez nintzen ohartu, baina grabaketak ikusi nituenean Mikel Olazabal kazetaria entzun nuen, estropadaren hasieran, historia egiten ari ginela oihukatzen. Asko hunkitu nintzen.
Horrez gainera, 2016an, Hibaikan nengoela, Kontxako Bandera irabaztetik segundo bira geratu ginenean jasotako babes izugarria ezin dut ahaztu. Donostiako badian utzi genuen trainerua, eta Oreretako zaleek borobil handi bat egin zuten gure inguruan, txaloka. Hori ere oso hunkigarria izan zen.
Maitasunez gogoratzen ditut ere neguko arrastiak Getxon, gimnasioko entrenamenduak egin ostean edukitzen genituen solasaldiak, orduak eta prisak ere ahazten zaizkigu.
Eta noski, aurtengo denboraldiko Getxoko Bandera ere aipatu behar dut. Lehenengo aldiz irabazi dut eta oso berezia izan da niretzat. Baita Orioko herriak estropada bat irabazi dugun bakoitzean egin digun harrera, eta nola ez, aurtengo Kontxako Bandera.
Algortan hasi zinenean, imajinatu ahal zenuen noizbait Kontxa irabaztera helduko zinenik?
Inondik inora ere. Garai horretan emakumeok ez genuen trainerurik egiten, ezinezkoa zen hori imajinatzea. Kontxa irabaztea oso urrun ikusi dut beti.
Kirol oso sakrifikatua da, ordu eta indar asko inbertitu behar dira entrenamendu eta estropadetan, eta gauza asko utzi ditut alde batera arraunean lehiatu ahal izateko
Aurtengo denboraldian bandera guztiak irabazi dituzue, bat izan ezik. Gogor entrenatu behar da horretarako...
Arraunlari izateak hori dakar, astean sei egunetan entrenatzen dugu, urtean hamar hilabete eta erdiz. Nire kasuan, neguan Getxon, eta maiatzetik aurrera Orion. Kirol oso sakrifikatua da, ordu eta indar asko inbertitu behar dira entrenamendu eta estropadetan, eta gauza asko utzi ditut alde batera arraunean lehiatu ahal izateko. Baina berezia ere bada, gustatzen zaigunoi erabat harrapatzen gaitu. Gogorra bezain gozoa da.
Ondo egindako lanak badu bere saria. Zer sentitu zenuen Kontxako Bandera irabaztean?
Ilusio handia. Kontxa, Kontxa da, eta emozio handiz bizi izan dut beti estropada hori. Egun oso berezia izan da orokorrean, baina bereziki markatuta daukat estropadako azken minutu osoa. Lehenengoak ginela ikusten nuen eta ezin nuen sinetsi. “Olatz, Kontxa irabaztera zoaz, Kontxa!”, horixe errepikatzen zuen nire buruak behin eta berriz. Orduan hasi zen Nadeth Agirre, patroia, gure izenak banan-banan esaten. Oso berezia izan zen. Irabaztetik hurbil egon naiz noizbait, eta badakit zelako zaila den saria lortzea, hortaz, asko baloratzen dut.
Liga eta Kontxa irabazita, zeintzuk dira zure asmoak hemendik aurrera? Badago lortu ez duzun helbururik?
Egia esan, ez dakit. Arraunak gauza asko ematen dizkit eta pena handia ematen dit uzteak. Baina ez dago lortu ez dudan helbururik, arraunlari-mailan, noski. Egoera asko bizitzeko aukera izan dut, zorionez. Talde baten hasierak bizi izan ditut Algortan, Orion dagoen afizioa ezagutu dut, Hibaika bezalako talde umil bat ikusi dut hazten, irabazi ditut estropadak… Beraz, ase nago zentzu horretan. Ondo pentsatu beharko dut zer egin, dena den, ez dut inoiz arrauna nire bizitzatik guztiz baztertuko.