Alde batetik bestera mugitzeko alternatibak aztertuko dituzte egunotan Getxon

Erredakzioa 2019ko ira. 19a, 09:06
Mugikortasun Astea Areetan, artxiboko irudian.

Ibili Gurekin lelopean, Mugikortasun Iraunkorraren Astea ospatzen dabiltza Getxon, irailaren 22ra arte. Hala, autoak erabili beharrean, mugitzeko alternatibak erabiltzera gonbidatuko dituzte herritarrak egunotan.

Oinezkoak, bizikletak eta garraio publikoa udalerriko protagonista hutsak izango dira egunotan zehar eta herritarrak mugikortasun-alternatibak erabiltzera gonbidatuko dira, autoaren ordez. Ekitaldien egitarauak ekintza eta jarduera ugari antolatu ditu eta horietan bizikletaren, patinetearen eta garraio publikoaren erabilera sustatuko da. Halaber, mugikortasun iraunkorrak Getxon osasuna eta poltsikorako, ingurumenerako eta udalerriko ongizaterako dakartzan abantailak ezagutaraziko ditu Udalak.

Astearen berritasunen artean, bigarren eskuko ibilgailu jasangarrien merkatua (bizikletak, patineteak, skateak..) izango da, eta horretan mugikortasun iraunkorragaz zerikusia duten edozein gauza saldu eta erosi ahal izango da; hilabete honetan udalerrian patinete elektrikoak alokatzeko abian jarritako esperientziaren enpresa sustatzailearen aurkezpena izan zen martitzenean, eta Europako merkatuan liderra izan gura duen egurrezko bizikleta ezagutzera eman zuten atzo, eguaztenean.

Oraingoan, patinaje tailerra izango da; Gurutze Gorriak Lehen Sorospenen tailer praktikoa emango du, eta mugikortasun iraunkorrean parte hartzen dutenen edo patineteen, garraio publikoaren, bizikleten edo partekatutako autoen erabiltzaileen artean kamisetak banatuko dira. Pertsona nagusiak bizikletan ibiltzeko ikastaroa ere izango da, eta aste.akabuan, aurten Getxoko Mugikortasun Astearen barruan, gaueko ibilbidea bizikletaz, mendira irteera eta zumba maratoia izango dira. Gainera, irailaren 22an, domekan, Autorik Gabeko Eguna ospatuko da.

Autorik gabeko Eguna

Autorik Gabeko Eguna egingo da irailaren 22an, 08:00etatik 20:00etara. Haurrentzako ekintza ugari eta kirol-erakusketak izango dira egun honetan, hala nola gimnastika erritmikoa, patinajea, hockeya, diskolariak, borroka-arteak, gurpil-aulkiei egokitutako zirkuitua, etab.

Ibilgailu pribatuen zirkulazioa eta aparkamendua mugatuta egongo da Algorta eta Areetako erdiguneetako hainbat kaletan. Garajeetatik ibilgailuak ateratzea bakarrik baimenduko da kale horietan. Murrizketek ez dute eraginik izango garraio publikoan eta aldez aurretik Getxoko Udalaren baimena duten establezimenduen ibilgailuetan. Eskaerak egiteko ingurugiroa@getxo.eus helbide elektronikora mezu bat bidali beharko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun