Elkarrizketak

"Auzoetako merkataritza txikiak paradigma berriari egokitzen asmatu behar du"

Unai Brea 2019ko ira. 19a, 12:51

Izaskun Ramaren ustez, "auzoetako merkataritza txikia desagertzeko arriskua egon badago". Argazkian, ekimenaren beste sustatzaileakaz ageri da Rama (erdikoa). © ROMOTIKROMORA

Irailaren 24an ipiniko dute abian romoTIKromoRa ekimena, Itzubaltzeta/Romo auzoko merkataritza suspertzeko egitasmoa. Bizilagunen, dendarien eta ostalarien kezkak eta beharrizanak zeintzuk diren jakitea izango da lehenengo pausoa. 

Urtea amaitu bitartean garatuko dute auzoko hainbat profesionalek eta merkatarik martxan ipinitako proiektua. Lehenik eta behin hiru parte-hartze saio egingo dituzte, Itzubaltzetan zer merkataritza-mota dagoen eta bai auzotarrek bai merkatariek zer beharrizan dituzten ezagutzeko.

Lehenengo saioa Romoko Kultur Etxean egingo dute herritarrakaz eta auzoko elkarteetan dabiltzan pertsonakaz, irailaren 24a, arrastiko 19:00etan. Ondoren merkatariak batuko dituzte (urriaren 2an, 14:15) eta azkenik ostalariak (urriak 4, 10:00). Saio horietan parte hartzeko izena eman daiteke romotikromora.com webgunean.

"Merkatari eta ostalariei, euren egoeraz galdetzeaz gain, auzokideek esandakoak helaraziko dizkiegu", azaldu du Izaskun Rama ekimenaren sustatzaile nagusiak. Ekintzaileei laguntzen diharduen Zurekin Emprende aholkularitza-enpresako zuzendaria da Rama; hark eman dizkigu romoTIKromoRA proiektuaren gako nagusiak. "Auzoan zehazki zer dagoen jakin eta mapa bat osatuz hasiko gara. Gainera, herritarrek berroko denda txikietan ez erosteko arrazoiak zeintzuk diren adierazi gura dizkiegu merkatariei".

Ezagunak dira arrazoi horiek?

Asko izan daitezke. "Ez daukat aukerarik txartelaz ordaintzeko", esaterako. Belaunaldi guztien kontsumo-ohiturei eta auzoaren beharrei erantzun beharra dago.

Azken urteetako aldaketek sektorea desagertzea eragin dezaketela diozue. Hain larria da gaia?

Merkataritza nahiko momentu larrian dago, online erosketen eta saltoki handien ugaritzea dela eta. Aldaketa asko ekarri ditu horrek. Bestalde, merkatariak ere asko kexatu ohi dira, baina jakin behar dugu paradigma berriari egokitzen eta bestelako gauza batzuk egiten. Aldi berean, indartu eta baliatu egin behar ditugu merkataritza txikiaren abantailak: hurbiltasunak ematen duen konfiantza, bezeroari ematen zaion arreta ona... "Aizu, ebaki egizkidazu oilasko-bular batzuk, berehala nator eta". Hori ez dizute ez Internetek ez saltoki handiek emango.

Eta bestela, benetako arriskua dago auzoak hutsik geratzeko merkataritzari dagokionez?

Uste dut baietz, datuek dioten arren tunelaren amaiera argi apur bat ikusten hasiak garela. Kontzientzia handituz doa, gero eta "salgai" dioen kartel gehiago eta gero lonja huts gehiago ikusten direlako, baian gaur egun jendeak sekulako beldurra dio denda bat zabaltzeari. Helburua da elkartu daitezela, auzoan sareak sortu ditzatela...

Prozesu luzea...

Bai, eta guk orain martxan ipini besterik ez dugu egingo, abendura bitartean beste ezertarako astirik ez da egongo eta [lehenengo fasean hiru parte-hartze saioak antolatuko dituzte, eta bigarrenean jasotako balorazioen diagnostikoa egingo dute, "hobekuntza-eremuak bilatzeko"].

Baduzue ispilurik, arrakasta izan duen mota honetako ekimenik?

Nik berba egin nuen Zaragoza emakume batzuekaz; asko gustatu zitzaidan ekimen bat egin zuten hango El Gancho auzoan: El Ganchillo Social. Komunitatea sortu dute, eta merkataritza txikia suspertzeko oso ekintza politak garatu dituzte. Esaterako, emakumearen eta zientziaren egunean emakumezko zientzialarien irudiak ipini zituzten dendenetan eta ibilaldi bat antolatu zuten bakoitzak zer egin zuen azalduz, eta bide batez denda horien gainean ere berba eginez. Tira, guk ahalik eta adibide gehien ekarri ditugu, betiko merkealdi-merkatuetan edo pintxo-azoketan ez gelditzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun