Udalerriko edukiontzien "arriskuez" ohartarazi du Elkarrekin Getxok

Iker Rincon Moreno 2019ko urr. 7a, 09:44

Romoko suteak eragina izan zuen ondoko etxebizitzetan. © ELKARREKIN GETXO

Joan den barikuan hainbat edukiontzi erre ziren Itzubaltzeta/Romon; horren harira, Elkarrekin Getxo koalizioak (Podemos, Ezker Anitza eta Equo Berdeak) gobernu-taldearen (EAJ eta PSE-EE) "geldotasuna" salatu du mota horretako ezbeharrak gerta zitezkeela birritan ohartarazi ondoren.

Joan den uztailean egindako Lurraldetasun Batzordean, Elkarrekin Podemos koalizioak galdetu zuen ea zeintzuk irizpide erabili ziren edukiontzi berrien materiala aukeratzeko; era berean, suteak egotekotan, horien segurtasuna zalantzan jarri zuen. Horri erantzunez, EAJk hainbat irizpide eman zituen, "baina horietako batean ere ez zuten segurtasuna kontutan hartu eta baztertu egin zuen edukiontzi seguruagoengatik aldatzea", deitoratu du koalizio moreak.

Horren aurrean, edukiontzien irla zehatz batzuen egoera eta kokapena berrikusi eta aztertzeko mozioa aurkeztu zuen iraileko osoko bilkuran Elkarrekin Podemosek, "inguruko auzokideen segurtasuna bermatzeko, edukiontzi batzuk egurrezkoak diren etxe-aurre batzuen azpian kokatuta daudelako".  Horri jarraituz, Ignacio Robles zinegotziak azaldu zuenez, "irla batzuetan, edukiontzietako batek su hartuz gero, inguruetako edukiontzietara zabal daiteke sua, eta horrek eragin zuzena izan dezake inguruko etxeetako fatxadetan. Are gehiago, sugaiak diren elementuak egonez gero, sutea suerta daiteke, etxebizitza horretako bizilagunen segurtasuna arriskuan jarrita".

Iraileko osoko bilkuran aurkeztutako mozio hori ez zen onartu; EAJ eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten; PPk eta EH Bilduk, aldiz, abstenitu egin ziren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun