Judoko Munduko Master Txapelketa irabazi zenuen joan den domekan Marrakexen (Maroko), F3 kategorian. Zelan sentitzen zara?
Irabaztera joan nintzen, eta lortu egin dut. Oso pozik nago, baina momentu horretan egun osoan egon nintzen pentsatzen beste txapelketa bat baino ez zela. Ez nuen buruan munduko lehiaketa zenik, presioa murriztearren edo. Azkenengo borroka, finalekoa, norgehiagokak luze jo zuen eta urrezko puntuaren (golden score) bitartez amaitu zen lehia. Orduan, nire bizitzako azkenengo txapelketa eta borroka izango zela oroitu nuen. Hala, alde batetik pozez hartu nuen, irabazi nuelako; baina baita tristuraz ere, azkenengoa izan daitekeelakoan.
Sylvie Duyme frantziarraren kontra izan zen azkenengo borroka hori. Zelakoa izan zen?
Aurreko batean, Europako Txapelketan, beraren kontra borroka egitea egokitu zitzaidan; hala, banekien zer egin behar nuen hura garaitzeko. Borroka luzea izan zen eta urrezko puntura heldu ginen. Uste dut nik bera baino hobeago nengoela fisikoki; denborak aurrera egin ahala, ikusten nuen berak denbora hartzen zuela indarrak berreskuratzeko, gerrikoa aldiro ondo jartzen... Hala, estrategia erabili eta aurre egin nion, aurreko txapelketan egin niona errepikatuta. Tai otoshi teknika egin nion, aurrera eta atzerako mugimenduak eginez saiatu nintzen bestea nekatzen, baina bera ere oso indartsu zegoen. Orduan, ni beti saiatu nintzen nire heltzeko postura berezia mantentzen, gerrikoa oso biratuta eta horrela nire eraginkortasun gehiago duen mugimendu hori egiten saiatzen. Azkenean lortu nuen; tai otoshi eginez proiektatu nuen, golden scorean.
Alemaniarrak erreminta gehiago zituen frantziarrak baino ni irabazteko. Teknika handia zuen, eta bere mugimenduek niri min gehiago eman ahal zidaten.
Egindako borroka denen artean, zein izan zen gogorrena?
Esango nuke finalaurrekoa izan zela; arriskutsua izan zen niretzat. Finala luzea izan zen, ia 8 minutukoa. Hala ere, finalaurrekoan galtzeko arriskua izan nuen Alemaniako judoka baten kontra. Hasi bezain laster waza-ari egitea lortu nuen; ondoren, berak niri beste teknika bat egin eta waza-ari markatuta immobilizatu egin ninduen lurrean. Hiru segundoz geldi mantentzea lortu zuen, baina azkenean ihes egin nuen. Orduan, ikusi nuen posiblea zela finalera ez heltzea. Hala, martxan jarri eta azkenean kontra bat eginda irabazi nuen. Berak hiru aldiz jarraian harai goshia egiten saiatu zen eta ikusi nuen berak oreka non jartzen zuen. Hala, pentsatu nuen kontra egin behar izango niola, nahiz eta hori arriskutsua izan.
Bai, borroka hau izan zen gogorrena. Alemaniarrak erreminta gehiago zituen frantziarrak baino ni irabazteko. Teknika handia zuen, eta bere mugimenduek niri min gehiago eman ahal zidaten.
Master edo beteranoen izaera dela eta, txapelketa horrek ez du oihartzun handirik izan gurean...
Txiki-txikitatik egin dut judo, eta 42 urte ditut. Hala, esan dezaket kirol honen inguruan oso gutxi entzun izan dela komunikabideetan. Master izaera horrek ez du eragina izan soilik; kirol honetaz orokorrean ez da hitz egiten. Hala ere, egia da apurka-apurka jendeak gero eta gehiago dakiela gauza hauetaz.
Judoa oso garrantzitsua eta erabilgarria da norberaren garapenerako eta duela 10 urtetik hona judoa sustatzen hasi dira. Hala, gero eta jende gehiagok aukeratzen du kirol honetan murgiltzea, umeen artean batez ere.
Federazioaren partetik laguntzarik jasotzen duzue mota horretako txapelketetan parte hartzeko?
Federazioengandik oso laguntza gutxi jasotzen dugu orokorrean. Alde ekonomikotik ez dugu ezer jasotzen eta horietan parte hartzeko bete beharreko paper eta burokrazia osoan ez digute askorik laguntzen. Ondoren, emaitzak lortzen ditugunoi zoriontzeko gutunak edo mezuak helarazten dizkigute, baina errealitatea da federazioek ez dutela askorik egiten masterrok bultzatzeko.
Oso nekagarria da hau dena aurrera eramatea, bai ekonomikoki baita denbora aldetik ere. Hori dela eta, eskertzekoa litzateke laguntza bat jasotzea, txikia bada ere. Emaitza oso onak lortu dira judoan azken aldian, eta hori lortzeko bidea zaila da... Kirol honetan beti egon behar zara lanean, kirol honek ez dizulako ematen bizitzeko. Beste estatu batzuetan badago judo profesionalaren izaera, baina hemen ez. Orduan, guk judoari lotuta bizi nahi badugu klub edo talderen bat sortu behar izaten dugu aurrera egiteko.
Noiz hasi zinen judoan?
Aitak sortutako klub batean hasi nintzen, 1986an, zortzi urte nituela. Nire neba nagusiak judo egiten zuen beste talde batean eta niri txiki-txikitatik gustatu izan zaizkit mota horretako kirolak. Gurasoek hasieran ezetz esaten zidaten, aitak kluba sortu zuenera arte, eta haur-kategorian hasi nintzen lehiatzen.
2015ean tatamietara bueltatu eta gorputzak uzten didanera arte jarraituko dut. Lehiaketei dagokienez, une honetan esango nuke Marrakexkoa izango dela azkena, baina nork daki!
Ordutik etengabe ibili zara horri lotuta?
Ez, ama izan nintzenean, 2008an, etenaldia egin nuen, 2015era arte. Tarte horretan aldizka praktikatzen nuen, baina oso modu ludikoan. Hasiera batean behin-betiko judoa utziko nuela uste nuen, judogia eskegiko nuela eta berriro jantziko ez nuela. Hala ere, 2015ean tatamietara bueltatu eta gorputzak uzten didanera arte jarraituko dut. Lehiaketei dagokienez, une honetan esango nuke Marrakexkoa izango dela azkena, baina nork daki!
Bizitza osoa judoari lotuta. Zeintzuk momentu goraipatuko zenituzke?
Lehenengo gauza nire aita hil zeneko unea datorkit burura. Bera izan zen nire lehenengo kontaktua judoarekin eta baita nire lehenengo entrenatzailea ere. Hori beti gogoratuko dut, berak irakatsitako gauza bereziak...
Gero aldaketa egin nuen eta talde ezberdinetan ibili nintzen, han eta hemen, Judo Club Getxon amaitu arte, Fernando Blas entrenatzailea zela. Kadete kategorian Espainiako txapeldun izatea lortu nuen, baina juniorrean oso txapelketa gutxi zegoen eta Espainia mailan ezer ez bazenuen lortzen Europarako atea itxita zegoen. Hala, sambora egin genuen salto aukerak zabaltzeko. Kirol horretan lehiatzen hasi nintzen ere eta Europako txapelketara ailegatzea lortu nuen junior eta senior kategorietan. Munduko txapelketa absolutura ere joan nintzen eta brontzezko domina lortu nuen 1996an, 19 urte nituela.
Ondoren, gorabehera handiak izan dira; Gasteizera joan nintzen IVEF ikastera eta klub batetik bestera ibili naiz. Den-denetan oso ondo hartu ninduten. Izan ere, judoan gauza polita da klub denek oso ondo hartzen dituztelako kanpotik etorritakoak. Aurten ere, oporretan Menorcan nengoela, Munduko txapelketa prestatzeko bertako gimnasio batera hurbildu nintzen, eta oso ondo hartu ninduten.
Judoa praktikatzeagaz gainera, kirol hori ere irakasten duzu...
Bai, IVEF ikasi nuen, eta ordutik beti egon naiz kirolaren munduan lanean. Hamar urtez gimnasioetan eta halakoetan ibili naiz entrenatzaile fisiko gisa. Gero, amatasunaren bajaren ondoren, hezkuntzara bideratu nuen nire lana eta gaur egun heziketa fisikoko irakaslea naiz. Era berean, judoa ere irakasten dut hemen, Shisei Judo Eskolan.
Shisei hitzak postura esan nahi du japonieraz. Izan ere, gimnasio hau lehen pilates estudio bat zen eta hasierako erlazio hori mantentzeko jarri nion izen hori. Benetan nahi nuen gauza bat egitea erabaki nuen eta hori da nire judo taldea aurrera eramatea. Hala, duela urtebete edo sortu nuen proiektu hau hemen. Gaur egun lau urtetik gorako taldeak ditut.
Joan-etorriak egin arren, Judo Club Getxo da nire “kanpamentu nagusia”.
Judo Club Getxon ere entrenatzen duzu, ezta?
Bai, esan bezala, 15 urterekin joan nintzen bertara, eta joan-etorriak egin arren, talde hori da nire “kanpamentu nagusia”. Oso modu gozoan oroitzen ditut bertan emandako une denak eta ni beti joango naiz hara, ahal dudan heinean, bertan ditudan lagun denekin entrenatzera.
Zure bizitzan zer garrantzia dauka judoak?
Judoa nire bizitzaren oinarri oso garrantzitsua da. Lortu ditudan emaitzak baino garrantzitsuagoa da niretzat, nire bizitza orekatzen duena da. Ikasleei eta niregandik zerbait ikasi dezaketen horiei esaten diet euren bizitza orekatzen duen zerbait bilatu behar dutela. Nire kasuan, esan bezala, judoa da horren ardura duena. Ni oso pertsona urduria naiz, eta den kirolagatik asko neutralizatu nau judoak, urduritasunak ihes egiten du entrenatzen dudanean.
Horrez gainera, eskerrak eman nahiko nizkieke nire ondoan egon diren pertsona denei, nire ilusioak egikaritzeko ahalbidetu duten horiei guztiei. Kirolariok nahiko bereziak gara, gorabehera handiak ditugu eta bidea oso luzea da. Ondoan ditugun horiek oso garrantzitsuak dira laguntzeko, lorpenak egiteko eta gu, orokorrean, aguantatzeko. Hortaz, eskerrak eman behar dizkiet familiari, lagunei eta nirekin ibilitako judoka guztiei ere. Judoan bakarrik ateratzen gara lehiatzera, borrokak norbanakoak dira. Baina bidea taldekakoa da. Ez dago judokarik munduan ezer lortzeko gai dena talde bat atzean ez badu.