Ondasun-higiezinen eta ibilgailuen gaineko zergak % 1,1ean eguneratuko dira 2020an

Erredakzioa 2019ko aza. 4a, 12:12

Getxoko Udalak behin-behinean onetsi du ondasun higiezinen gaineko zergari eta trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergari buruzko hainbat ordenantzen aldaketa; hala, 2020. urtean horien zerga-tasa % 1,1ean eguneratuko da. Getxo Kirolakeko, Andres Isasi Musika Eskolako eta Jesusen Bihotzaren Udal Egoitzako tasak, berriz, oro har % 5ean eguneratuko dira. PP, EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu taldeek 12, 1 eta 14 zuzenketa aurkeztu dituzte, hurrenez hurren (horietako bi ez dira onartu), eta gehienak baztertu dira.

Gehikuntza horren harira joan den egueneko osoko bilkuran sortutako debatean, PPk honakoa adierazi zuen: “zergak eta tasak igotzeko gobernuaren nahia gauzatuko da haiek dutelako gehiengo osoa, Diruzaintzan 40 milioi baino gehiago badaude ere”. PPk hainbat zuzenketa aurkeztu zituen OHZ % 3 murriztu dadin eta monumentu-multzoetan dauden higiezinei % 100eko salbuespena aplikatu dakien (bereziki Portu Zaharreko egoiliarrei); era berean, udaleko emakida duten aparkalekuko partzelen jabeei % 95eko hobaria emateko eskatu zuen, eta % 50ekoa energia-efikaziako neurriak hartzen dituztenei. Horrez gainera, talde horrek proposatu zuen % 0,5 murriztea ibilgailuen gaineko zerga (salbuespenakaz), baita motor elektrikodun nahiz hibridodun ibilgailuak eta gasa erabiltzen duten ibilgailuak dituztenei hobaria ematea ere.

Bestalde, EH Bildu jarraitutako prozeduraren aurka agertu zen eta, OHZri buruz, hauxe nabarmendu zuen: “zerga hori ez da eguneratu gobernu-taldeak ez duelako nahi izan; izan ere, horretarako aukera izan zuen xede horrekin akordio bat egin zenean talde horrekin, baina gobernuak akordioa hautsi zuen”. Talde horrek, zuzenketa gisa, planteatu zuen OHZn % 40ko errekargua aplikatzea etxebizitza hutsei, salbuespenak salbuespen (esate baterako, nagusientzako etxebizitzetan erroldatuta dauden pertsonak salbuetsiz). Iritzi bera adierazi zuen Elkarrekin Ahal Dugu taldeak, eta % 50eko errekargua proposatu zuen. Horrez gainera, besteak beste, honako proposamen hauek egin zituen: merkataritza-erabilerako OHZ mantentzea, bazterketa-arriskuan dauden pertsonen OHZren % 100eko hobaria; eraikuntza-enpresen “hobari izugarria” murriztea; eta hobaria ematea energia-efizientziako neurriak hartzen dituzten etxebizitzei. Talde horrek hauxe jakinarazi zuen: “gobernuak ez du akordiorik egin nahi eta OHZren % 1,1eko gehikuntza ez da bidezkoa: etxebizitza hutsak dituzten pertsonak nahiz eraikuntza-enpresak mesedetzen ditu, eta merkataritza kaltetzen du”.

Zuzenketa guztiak baztertu zituen Gobernu-taldeak. Ogasuneko zinegotziak nabarmendu zuen diru-sarrerak zaindu behar direla "politika eraginkorrak" egin ahal izateko, eta zergen bidez, hain zuzen ere, dirua biltzen dela zerbitzuetan eta abarretan gastuak egin ahal izateko. Era berean, adierazi zuen etxebizitza hutsen plan bat lantzen ari direla, eta merkataritzako OHZ murriztea edo ez gehitzea errentadunak mesedetzen dituela, eta ez merkataritza.

Musika Eskolako, Getxo Kirolakeko eta Egoitzako tasak

Aipatutako tasek, berriz, % 5eko gehikuntza izango dute. Horren harira, Ogasuneko zinegotziak esan zuen Musika Eskola hiru zatitan finantzatu beharko litzatekeela (erabiltzaileen, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean banatuz ordainketak); zehaztu zuen tasen azken berrikuspena 2016-2017 ikasturterako egin zela, eta hurrengo bi ikasturteetan ez zela aldaketarik egon. Erabiltzaileei aplikatuko zaien eguneraketa hori urrats bat da, apurka-apurka udal-gobernuaren arabera haiei dagokien herenera hurbiltzeko asmoz. Gaur egun, udalak % 65,3ko ekarpena egiten du.

Getxo Kirolaken kasuan, hamarkada bat baino gehiago daramate izoztuta tasak, eta Udalaren ekarpena % 60,60koa da. “Hori dela eta, udaleko zerbitzuen jasangarritasun ekonomikoa bermatzeko oinarrizko helburuaren arabera, erabiltzaileek ordaindu beharreko tasak eguneratu behar dira”, azaldu zuen Uriartek.

Udal Egoitzari dagokionez, “Udalaren urteko transferentzia % 48koa da, eta erabiltzaileek bakarrik ordaintzen dute guztizko zenbatekoaren % 3,60. Bizkaiko Foru Aldundiak ordaindutakoa % 48 baino zertxobait gehiago da”, ondorioztatu zuen Ogasuneko zinegotziak. Gainera, erakunde horretako tasak ez ziren aldatu 2006tik 2016ra bitarteko aldian.

Honako gaiei buruz PPk egindako zuzenketak baztertu zituen Gobernu-taldeak: Getxo Kirolakeko tarifak % 5 murriztea; Musika Eskolako tarifak mantentzea; eta II. nahiz III. mendekotasun-gradua duten pertsonek Egoitzan egoteagatik eta laguntza jasotzeagatik ordaindu beharreko tarifa ez igotzea. Elkarrekin Ahal Duguren zuzenketak ere baztertu ziren; honako gaiak zituzten hizpide: Musika Eskolan % 1,1eko gehikuntza egitea % 5ekoaren ordez; Egoitzako tasak mantentzea; eta, Getxo Kirolak erakundeari dagokionez, proposamenaren onespena atzeratzea beren jardueren eguneratutako kostuak izan arte; eta familia ugariei familia ugari izate hutsagatik emandako hobariak kentzea. Alabaina, talde horrek egindako zuzenketa batzuk onetsi ziren, zehazki honako hauek: Getxo Kirolaken tasek bereizkeriazko printzipioen zioz egindako hobaririk ez izatea; eta ordenantza horren nahiz Musika Eskolakoaren hizkera sexista zuzentzea. EH Bilduk bat egin zuen Elkarrekin Ahal duguk Getxo Kirolaki buruz proposatutako zuzenketakaz.

Ordainsarien gehikuntza eta RKEren kafetegia adjudikatzeko urratsak

Lanaren esparruan, osoko bilkurak aho batez onartu zuen Udaleko langileen ordainsariak % 0,25 gehitzea aurten. Era berean, Romo Kultur Etxeko (RKE) kafetegiaren ustiapena adjudikatzeko izapideak hastea onetsi ziren. PP taldeak aurkeztutako zuzenketa bat onartu zen, adjudikaziodunak ordaindu beharreko 17.582 euroko urteko gutxieneko kanona (gobernuak proposatu zuena) 5.100 eurora jaitsi dadin (hau da, 425 euro hilean), BEZa kanpo. Kontratuak lau urte iraungo du eta luzapena bakarra egin ahalko zaio, beste lau urtekoa.

Mozioak

Lekukotza gisa, bi mozio onartu ziren. Lehenak, PPk aurkeztutakoa, GetxoBiziren mailegu guneetan haurrentzako bizikletak eta bizikleta elektrikoak egotea eskatzen zuena. Bigarrenak, Elkarrekin Podemosen ekimenak, eskatu zuen udal webgunean argi eta garbi jasotzea batzorde informatiboak, erakunde autonomoak eta osoko bilkurak herritarrentzako gune irekiak eta publikoak direla, eta horietan parte hartu ahal izateko eman beharreko pausoak ere.

Era berean, Getxoko Aquariumeko langileen ordezkariak ere parte hartu zuen galde-eskeen txandan. Horiek greba mugagabean daude eta Udalari babesa eskatu zioten euren lan-aldarrikapenetan.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun