Udal-hauteskundeak 2019

Udal-zergak eta tasak jaitsi gura ditu PPk

Unai Brea 2019ko mai. 17a, 11:56

Ondasun Higizienen Zerga eta zirkulazio-zerga jaisteko konpromisoa agertu du Susana de Cos PPren zerrendaburuak. HODEI TORRES

"Erandion zerga gehiago ordaintzen da beste udaletan baino", Susana de Cos PPren alkategaiaren berbetan. Legearen barruan zergak jaitsi daitezkeela azpimarratu du popularren zerrendaburuak.

Zergak eta tasak murriztuko lituzke PPK Erandioko udal-gobernura ailegatuz gero. 2017an, 20.000 biztanletik gorako udaletako herritarrek baino %35 gehiago ordaindu zuten erandioztarrek (24.00 inguru ditu udalerriak), Susana de Cosek prentsa-ohar baten bidez salatu duenez. Bizkaiko batez bestekoa baino %34 gehiago.

"Bai legearen aldetik bai ekonomiarenetik, tartea dago zergak eta tasak gutxitzeko", esan du hautagai popularrak; "zelan liteke erandioztar gehienok dugunaren tankerako ibilgailu batengatik Madrilgoa baino zirkulazio-zerga garestiagoa ordaintzea?".

Batez beste, Ondasun Higiezinen Zerga (OHZ)  Erandion %5,6 handiagoa da 20.000 biztanletik gorako Bizkaiko udalerrietan baino, Susana de Cosek nabarmendu duenez. Bide batez, etxebizitza hutsagatiko %50eko errekargua kentzearen alde egin du (Erandion onartuta dago neurri hori ezartzen duen ordenantza, oraindino martxan ipini ez den arren), eta bai zirkulazio-zerga bai OHZ jaisteko konpromisoa agertu du, alkate suertatuz gero. Arreta berezia emango lieke, iragarri duenez, familia ugariei, kideren batek menpekotasuna duen familiei, genero-indarkeriaren biktimei, langabezian luzaroan daudenei eta 52 urtetik gorako langabetuei.    

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun