Olatu handien surfaren nazioarteko lehenengo foroa egingo dute Getxon

Erredakzioa 2019ko aza. 8a, 10:13

Azaroaren 14an eta 15ean, egingo dute Big Wave Forum-a Romo Kultur Etxean. Ekimen hori Punta Galea Challenge ekimenaren barruan kokatuta dago.

Foroa eguenean inauguratuko da, hilaren 14an, 17:00etan. Punta Galea Challenge egiteko itxaronaldia aprobetxatuta, kirol ekitaldi horretako parte-hartzaile entzutetsu bati elkarrizketa egingo zaio. Gainera, olatu handietako espezialista eta Heavy Water-eko protagonista den Nathan Fletcher surfista kaliforniarraren azken filma estreinatuko da (sarrerak, dohainik, Romo eta Villamonteko kultur etxeetan jaso daitezke, datorren astelehenetik aurrera). Goizez, Sopelan, Olatu handietako salbamendu-tailerra izango da.

Hurrengo egunean, barikuan, 12:00etan enpresen arteko topaketa bat egongo da Getxolanen egoitzan, eta hiru aldiz munduko txapelduna izan den Twiggy Baker hegoafrikarra eta Big Wave Tourren fundatzaile den Gary Linden egongo dira bertan. Biak ala biak olatu handien surfeko ikur eta enpresari dira. 17:00etan, Romo Kultur Etxean, protagonista horiek beraiek, Natxo González surflari plentziarragaz, Pierre Rollet lapurtarragaaz eta duela hilabete gutxi olatu handien munduko txapelketaren egoitza izan zen Nazaréko (Portugal) alkate Walter Chicharrogaz batera, hitzaldiak eta mahai-inguru ireki bat eskainiko dituzte, Olatu handien surfa gaur egun izenburupean.

Foroagaz batera, gainera, azaroaren 13tik 20ra arte euskal kostaldeko eta Getxoko surfaren historiari buruzko argazki erakusketa bat egongo da.

Foroko ekintza guztiak irekiak eta doakoak dira; hala ere, edukiera dela eta, aurrez izena ematea gomendatzen da. Hemen egin daiteke: puntagaleachallenge@gmail.com Punta Galearen sare sozialetan ere zabalduko dute informazioa: Challenge@GaleaChallenge.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun