Elkarrizketak

“Jendea herri kiroletan murgiltzea da gure helburua”

Iker Rincon Moreno 2019ko aza. 13a, 08:34

Askotariko lagunek parte hartzen dute taldean.

Egoera kaskarrean dago gaur egun herri kirolen mundua, Beñat Amade Getxo Herri Kirolak taldeko kidearen arabera: "kirolari gutxi, laguntza eskasa..." Horri buelta emateko eta kirol horiek gizarteratzeko asmoz, herritarrak gonbidatu ditu Getxoko Andra Mari kiroldegian entrenatzera.

Getxo Herri Kirolak taldean federatutako kideak izateaz gainera, herriko jendea batzen duen taldetxoa osatu duzue. Zein da horren helburua?

Jendeak kirola egin dezala eta, aldi berean, herri kirolak sustatzea, horrekiko lotuta dagoen kultura gizarteratzeko eta ezagutarazteko. Jende askok ezagutzen ditu herri kirolak, baina ez du inoiz horietan jardun. Hala, azken finean, horietan parte-hartzearen gozamena erakutsi nahi dugu. Izan ere, oso dibertigarriak dira kirol hauek.

Bizkaian ez dago herri kirolekiko kultura oso indartsu. Plazetan sortutako kirolak dira, eta txapelketetan oinarritzen dute euren jatorria. Hala, kirolariak egotea beharrezkoa da lehiaketa horiek egiteko; izan ere, horiek desagertuz gero, kirola bera ere galduko da.

Helburua da talde horretatik jendea txapelketetara bideratzea?

Ondo dator jendea talde federatuan sartzea, baina ez da hori helburua. Guk nahi duguna da herri kirolak jendeari hurbiltzea eta, aldi berean, jendeak jakin dezala herri kirolen taldea dagoela Getxon. Herri Kirol taldea duela 27 urte sortu zen, eta nik hamaika daramatzat horretan. Denbora tarte horretan, ikusi ahal izan dut udalerriko jendeak ez duela taldea ezagutzen, jaietan erakustaldi piloa egin dugun arren.

Zelakoa izan zen federaturik gabeko talde horren sorrera?

Duela bost edo sei urte sortu genuen. Taldean sartu eta bi urtera, umeentzako herri kirolen eskola bat sortzea bururatu zitzaidan. Nik beti egin dut kirola eta argi nuen harrobirik gabe taldea desagertu zitekeela. Ni 25 urte nituela hasi nintzen hemen, gazteena nintzen; hurrengoak 36 urte zituen. Hutsune handia zegoen eta ez zetorren gazteagorik. Hiru urtez egon ginen umeak erakartzen, eta horietako bik jarraitu egin dute. Ondoren, nire kuadrillako lagun eta ezagun batzuei herri kirolak egiteko gonbita egin nien; nik entrenamenduak prestatzen nizkien eta kirola egiten zuten.

Apurka-apurka jendea batzen hasi zen. Urterik urtera jende asko pasa da hemendik, eta gaur egun 10-12 lagunek osatzen dute talde herrikoia. Bakoitza ahal duenean etortzen da. Izan ere, bi egun ditugu entrenatzeko: astearteetan, 18:30etik aurrera; eta ostiraletan, 17:30etik aurrera.

Zelako harrera izan du talde horrek?

Badago nolabait aurreiritziekin datorren jendea eta kirol jakin batzuk egitearen beldur dena. Kasu horietan, nik beti esaten dut apurka-apurka konfiantza hartu beharra dagoela, bakoitzak uste duen pisuarekin lan eginda ingudean eta txingetan, adibidez. Ondoren, denbora pasa ahala, jendea pikatu egiten da eta pisu handiagoekin hasten da ariketak egiten. Teknika da garrantzitsuena kirol honetan, eta hori ere ikasten dugu hemen; menderatu ahala, jendea konturatzen da harri eta pisu handiak mugitzeko gai dela, nekatu barik. Hasierako beldurra kendu ahala hasten gara gehiago egiten.

Zein egoera bizi du herri kirolen munduak gaur egun?

Uribe Kostan egoera kaskarra da. Sokatiran, adibidez, gero eta talde gutxiago dago eta, horrela jarraituz gero, azkenean lur gaineko txapelketan talde biren arteko lehia baino ez da izango. Hemen, Getxon, entrenatzeko leku egoki bat behar dugu. Duela bi urte lortu genuen Fadura kiroldegiko gunea estaltzea karpa batekin; hala ere, zazpi urte daramatzagu obra txiki bat egiteko, benetan estalita dagoen leku bat izateko urte osoan entrenatu ahal izateko, euritan egon arren. Herri kiroletan, orokorrean, orain hasi da Bizkaiko Federazioa gazteekin gauzak egiten; umeen txapelketak hauspotzen hasi dira ondoren horiek nagusien taldeetara pasatzeko. Txapelketa-motak ere aldatuz joan dira urtez urte; pentatloia agertu da, harri handien txapelketa formatua ere aldatu dute, telebistan agertzen hasi da... Show handiagoa da orain. Askok ez dute gustuko, baina modernizatu egin behar dugu erakargarriagoa izateko, bestela akabo. Jendea plazetara ez badoa, ez du kirola egingo. 

Crossfit-a modan dagoela aprobetxatuta, desafioak egin dituzue inoiz...

Crossfitean dabilen jendearen kontrako desafio batzuk egin ditugu azken aldian, bai. Bi kirolen artean ez dago alde askorik; indarra erabili behar da bietan, teknika ere bai, gauza pisutsuak denbora laburrean askotan altxatzeko. Biak nahiko orekatuta daude eta desafioak egin daitezke. Hala ere, kirol batzuk ezin dira desafioan sartu, proba oso teknikoak direlako, aizkora adibidez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun