Egoitza espainiar Estatuan duten gizon-emakumeek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, "edozein dela ere haien nazionalitatea", azaldu dute arduradunek. Lanok 80 eta 120 orrialde artekoak izan beharko dira, euskaraz edo gazteleraz. Testuok jasotzeko epea 2020ko otsailaren 15ean amaituko da. Abuztuaren bigarren hamabostaldian epaimahaiak bere erabakia jakinaraziko du eta sariak irailaren lehenengo hamabostaldian emango dira.
Sari bi emango dira lehiaketan: euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, 6.000 eurokoa bakoitza. Horrez gainera, lana argitaratzeko 1.000 euroko laguntza ere jasoko dute irabazleek. Deialdiaren arauak Getxoko Kultur Etxeetan zein hemen eskura daitezke.
Txiki Baskardo lehiaketa
Eleberri laburren lehiaketaz gainera, Txiki Baskardo Haur Kontakizunen III. Lehiaketa abian jarriko da, DBHko 1go mailako getxoztar ikasleen artean literatura sorkuntza sustatzeko helburuagaz. Aurreko urteetan bezala, parte hartzeko bi modalitate egongo dira: ikastetxeen bitartez eta nork bere kabuz. Kasu bietan finalean parte hartuko duten hautagaiak aukeratuko dira.
Sari bat izango da hizkuntza bakoitzeko eta irabazleek tableta elektroniko bat jasoko dute. Halaber, finalista bakoitzari diploma bana emango zaio eta baita Getxoko edozein liburu-dendatan liburuak erosteko 50 euroko txeke bat ere. Deialdiko arauak daborduko eskura daude hemen.