Getxoko Udalak adierazpen instituzionala onartu du Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta

Erredakzioa 2019ko aza. 22a, 14:06

Astelehenean, azaroaren 25ean, izango den Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, Amaia Agirre alkatea buru duen Getxoko Udaleko Bozeramaleen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu du aho batez.

Indarkeria matxistaren biktimei erreparaziorako tokiko ekintzak

Azaroaren 25a (Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna) dela-eta, indarkeria mota honen egitura-izaera nabarmentzen dugu, eta gure konpromisoa agertu nahi dugu emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko. Era berean, nazioarteko esparru juridikoarekin bat etorrita, berresten dugu beharrezkoa dela ekintzak proposatzea esku-hartzearen alor guztietan: prebentzioa, hautematea, arreta, babesa, koordinazioa eta justizia, arreta berezia jarrita biktimei eta bizirik atera diren pertsonei erreparazioa ematean.

Biktimei erreparaziorako printzipioak berekin dakar biktimak eskubide-urraketa bizi aurreko egoerara lehengoratzeko beharrezkoak diren ekintzak martxan jartzea. Indarkeria matxistaren biktimen kasuan, xedetzat hartzen da biktimaren bizi-baldintzak funtsean hobetzea, urratutako eskubideengatik erreparazioa jasota eta eragindako minetik berrezarrita. Era berean, ahalduntze-prozesua bultzatu behar da, indarkeria-egoerari aurre egiteko gaitasuna eta autonomia indartu dezaten.

Tokiko gobernuek biktimei arreta eskaintzeko alorrean aitortuta dugun erantzukizuna eta eskumena gure gain hartzen dugu, gure herri eta hirietan indarkeria matxista jasaten duten emakumeengandik hurbilen gauden erakundeak garelako. Politikarien eta teknikarien bultzada koordinatuarekin, tokiko erakundeen esku-hartzea funtsezkoa da erreparatzeko prozesuan, komunitateko bizitza berrezartzen laguntzeko eta biktimei erreparazio publiko eta soziala emateko, indarkeria matxistaren biktimen eta bertatik bizirik atera diren pertsonen inguru hurbilenean.

Horren ildotik, Berdinsareako (Berdintasunaren aldeko eta emakumeekiko indarkeriaren aurkako Euskadiko udalen sarea) udaletako berdintasun-teknikarien lana oinarrizkoa eta balio handikoa da, udaletan ekintzarako orientazio eta irizpide komunak eskaintzeko, batez ere, udal txikienetan. Hain zuzen, erreparazioari dagokionez, Indarkeria matxistaren biktimei erreparaziorako tokiko ekintzen gida bat prestatzeko lanean ari dira, tokiko erakundeek indarkeria matxistaren biktimek ordaina jasotzeko duten eskubidea praktikan jarri eta zehaztu ahal izan dezaten, udal eskumenaren esparruan.

Tokiko gobernuek konpromiso politikoak betetzeko jardun nahi dugu, eta, horren bidez, indarkeria matxistaren modu guztiak desagerrarazten lagundu, honela:

  • Biktimen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jarrita, euren beharrizan eta eskariei entzunez eta arreta emanez.
  • Langile espezializatu eta kualifikatuak edukita, erreparazioaren ikusmoldetik, ikuspegi feministarekin.
  • Erreparaziorako eta ahalduntzeko esku-hartze prozesu guztietan, kudeaketa eta azkartasuna bermatzeko lan eginez.
  • Tartean sartutako erakunde guztiekin koordinatuz, arreta eta erreparaziorako baliabideak egituratzeko, indarkeria matxistaren biktimen egoera erabat lehengoratuko dela eta urratutako eskubideak berrezarriko direla bermatzeko.
  • Talde feministekin eta tokiko emakumeen elkarteekin modu estuan lankidetzan arituta, berdintasun-politikak eta ekintzak diseinatzeko, biktimei eta bizirik atera diren pertsonei arreta eta erreparazioari dagokionez.
  • Era berean, dei egiten diegu herritar guztiei, udalerri guztietan A25 dela-eta antolatuko diren salaketa- eta aldarrikapen-ekintzetan modu aktiboan parte har dezaten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun