Ezbehar larria izan zenuen joan den urtean Frantzian; zer gertatu zen?
Bai, Landetan (Frantzia) surfa egiten nengoela, bat-batean, hankak mugitzeari utzi nion. Azken finean, surflariok askotan izaten ditugu minak bizkarrean eta entrenamendu gogorren ondorioz, gorputzaren hainbat ataletan gehiegizko esfortzua egin ohi dugu. Hartara, oraindik ez dakigu zergatik gertatu zitzaidan hori, baina uretan nengoela hankak mugi ezinik gelditu nintzen. Landetatik Baionara eraman ninduten, anbulantzian, eta bide horretan inoiz baino beldur gehiago izan nuen, gerora gerta zitekeenagatik.
Ondoren, bizkarrezurrean ebakuntza egin zidatenean ere beldurrak hartu ninduen, horren ondorioak zer-zelakoak izango ziren ez genekielako. Kirolean segitzeko aukerarik ez izatearen beldur nintzen, surfa bera delako nire lanbidea gaur egun.
Hasiera batean, ez nuen honen berri eman inon; sekretupean edo modu diskretuan mantendu nahi izan nuen, ez dakit maniagatik izan den edo prozesua txarto irten zitekeen beldurragatik. Azken batean, kanpotik hel daitezkeen zalantzek niri ere eragin diezadaketelako. Baina tira, azkenean dena ondo atera da, errekuperatuta nago eta Europako txapelketan parte hartzeko aukera izan dut.
Prozesu hori gordetzeko bideo bat grabatu duzue, ezta?
Bai, bideoak editatzen dituen lagun batek eta biok erabaki genuen hau dena grabatzea, dena ondo edo txarto irtengo zela jakin barik. Horren helburua izan da istorio hau kontatzea, emaitza dela ere. Eta horretan gaude. Bide honetan grabatutako irudi horiek berrikusteak indar handia ematen didate.
"Istripuari esker askoz gehiago disfrutatzen dut egunero entrenatzeaz, txapelketez eta gustatzen zaidanaz gozatzeko aukeraz"
Zer sentitu duzu prozesu horretan?
Beldurra batez ere. Gauza asko pasa zitzaizkidan burutik une horietan, mota honetako ezbeharrek bizitzeko modu bat eten dezaketelako eta gauzak ulertzeko moduak eraldatzen dizkizu, epe motzera bada ere. Ez dakit 10 urte barru honetaz denaz oroituko naizen, baina orain, dena ondo atera dela jakinda, esan dezaket gertatu zaidan gauzarik onena izan dela: horri esker askoz gehiago disfrutatzen dut egunero entrenatzeaz, txapelketez eta gustatzen zaidanaz gozatzeko aukeraz.
Daborduko berreskuratu duzu hanketako mugikortasun dena?
Bai, ekainean hasi nintzen surfeatzen. Dena ondo zegoela ziurtatu ondoren eman nuen aurrerapauso hori. Dagoeneko berreskurapena totala dela esan dezaket eta ezbeharra iraganeko kontua da. Hala, orain, nire helburua da 2020ko maiatzeko Munduko Txapelketara heltzea eta, ahal izatekotan, bertan Tokioko Joko Olinpikoetarako plaza lortzea.
"Gorka Alegriak egindako lana nabarmendu nahiko nuke. Gehien lagundu nauen pertsonetako bat da; alde mentala landu genuen batez ere"
Zelakoa izan da berreskuratze-prozesua?
Burua sano eta indartsu izatea oso garrantzitsua da mota honetako prozesu bati aurre egiteko. Beldurrez beteta nengoen eta jende positiboez inguratuta egon nahi nuen. Izan ere, gauzak egingarriak dira egingarriak egiten dituzunean. Eta sentsazio hori izan nahi nuen, nik aurrera egin nezakeela. Hala, ahal izan nituen profesional onenak bildu nituen, esfortzuarekin eta diziplinarekin ekiteko.
Denbora luzez egon nintzen oheratuta. Beldurrak nituen, bat-batean kalanbre bat izaten nuen eta inoiz nabaritu ez nituen gauzek zalantza ugari eragiten zizkidaten. Gero, apurka-apurka, ibiltzen hasi nintzen eta oinarria sendotu ondoren, taula berriro hartzeko pausoa besterik ez zen gelditzen. Une hori gogorra izan zen, ez nekielako zelan egingo zion aurre nire gorputzak estimulu horiei.
Bestalde, nabarmendu beharra dut Gorka Alegriak egindako lanagatik. Gehien lagundu nauen pertsonetako bat da; alde mentala landu genuen batez ere. Helburuak jartzen genizkion fase bakoitzari, eta horiek bete ahala aurrera egiten genuen, surfeatzea helburu gorena izanda. Horrek asko lagundu nau.
Bide horren nondik norakoak aurkezteko bideo-dokumental bat egin duzue. Zer da horren helburua?
Bai, aurreko egunean teaser bat kaleratu genuen. Prozesu osoa grabatu dugu gaur egunera arte, baina oraindik ez da bukatu; niretzat prozesua maiatzean amaituko litzateke, Munduko Txapelketarekin, hura irabazi edo galdu arren. Izan ere, horixe da kirola, irabazi eta galdu.
Azken finean, arrazoi pertsonal batengatik egin nahi izan dut, baina uste dut interesgarria izan daitekeela.
Europako txapelketan parte hartu duzu oraintsu. Zelakoa izan da buelta olatuetara?
Oso polita izan da dena; taldekideen babesa sentitzeak aparta izan zen niretzako. Azken finean, surfa banakako kirola da, eta hori ez da ohikoa izaten. Hala ere, horri esker oso eroso sentitu nintzen. Hasiera batean erritmoa hartzea kostatu zitzaidan, urtebete eman dudalako lehiatu barik; apurka-apurka hasi nintzen olatuak hartzen, eta lehenengo egunetan txapelketaren puntuaziorik onenetakoak lortu nituen egindako mugimenduei esker.
Noiz duzu hurrengo lehiaketa?
Urtarrilean hasiko da denboraldia, Txinan. Ondoren zirkuitua etorriko litzateke: Txina, Kanariak, Liga nazioanala, Europako txapelketa, Afrika, Australiako bira handia, Caparicaco itzulia eta, azkenik, Zarautzeko lehiaketa. Ondoren, apirilean, esango nuke Mundialera joango diren kirolariak hautatuko direla.
Orain, aldiz, denboraldi-aurre txikia egingo dut Kanarietan eta Australian. Kirolari ezagun batek dioen bezala, “gero eta gehiago entrenatu, orduan eta zorte gehiago izango dut”.
Zeintzuk aurreikuspen dituzu aurtengo denboraldirako?
Esaten den bezala: txandatik txandara; baina Mundiala uneoro buruan edukita, gerora Tokioko Joko Olinpikoetara joan ahal izateko, jakina. Horixe da gaurko nire ametsa, eta baita nire helburua ere. Badakit handinahia dela nolabait, horretarako hautapen-prozesua txapelketa bakar batean erabakiko delako. Hala, den-dena lau egunean jokatu beharra dugu.
Zeintzuk dira zure zuzeneko aurkariak?
Munduko txapelketan denok denon aurka lehiatzen gara; hala, klasifikazioa zelan dagoen eginda kontutan hartuz gero, ez dago erabakita aldez aurretik estatu bakoitzetik zenbat kirolari sailkatuko diren. Baliteke bizpahiru klasifikatzea, edo bat ere ez. Hartara, esango nuke norbera dela bere aurkaririk zailena; ahalik eta prestatuen egon behar dugu kasu horietan.
Zein da zure helburu gorena surfari dagokionez?
Joko Olinpikoetarako pasea amets handia da; hala ere, nire helburua da surfaz gehiago gozatzen segitu ahal izatea. Egunez egun ohetik altxatu surfeatzeko ilusioarekin eta entrenatzeko eta hobetzeko ilusioarekin. Hala ere, logikoa denez, bizitza ez da maiatzean edo uztailean bukatzen, datorrena datorrela. Hori dela eta, uste dut nire helburu gorena edozein surflarik duena dela: Championship Tour (CT) ligan egotea. Espainiar Estatuan inork ez du lortu bertan egotea, Aritz Aranburu izan ezik.