Punta Galea Challenge lehiaketak joan den azaroaren 1ean hasi zuen itxarote-epea; orain, Gabonen atarian gaudela, surf-lehiaketa hori egiteko eguraldiaren iragarpenak onak izango direla aurreikusita, alerta horia ezartzea erabaki dute.
"Gutxitan bizi izan dugu hainbat egunez euskal kostaldera olatu ikusgarriak ekarriko dituen hiru sistemen gerturatzea. Lehenengoa, gaur eta bihar artean heltzea espero duguna, mendebaldeko haizearekin helduko da; hala, baztertu egin dugu jardunaldia. Bigarrenak, aldiz, itxura ona du eta eguenerako aurreikusten dugu. Sei metroko altuera baino gehiagoko olatuak ekarriko ditu, norabide ezin hobeago batekin eta hegoaldeko haizearekin. Adi ibiliko gara haizeok zer bilakaera duten ikusteko; izan ere, horiek handituz gero, lehiaketa egitea zailduko luke", azaldu dute antolatzaileek.
Bestalde, Hawaiiko Jaws olatu handien munduko lehiaketaren aurre-alerta ere ezarrita dago. Ondorioz, munduko surflaririk onenak deituta daude proba horretarako, baita Punta Galea Challengeko riders-en erdia ere.
Aurreikusitako baldintza klimatologikoak mantenduz gero, eta Hawaiiko deialdiagaz zer gertatzen denaren esperoan, alerta horia berdea izatera pasako litzateke bihar. Adi ibili beharko gara antolatzaileek esaten dutenagaz.