Amaitu da patinete elektrikoen proba pilotua Getxon

Erredakzioa 2020ko urt. 16a, 14:09
© EUSKOOTERS

Lau hilabeteko proba pilotuaren ondoren, Getxoko Udalak denbora-tarte horretan jasotako datuak aztertuko ditu Getxo 2030 Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren barruan. Hala, horien etorkizuneko erabilera arautzea eta beharrak aztertzea da helburua.

Bizkaiko enpresa batek, Getxoko Udalagaz akordioa adostu ondoren, 90 patinete elektriko partekatzeko alokairu sistema jarri zuen martxan 2019an, esperientzia pilotu gisa, lau hilabetez, irailetik abendura. Patineteak udalerriko hainbat tokitan egon dira kokatuta, eta horiek erabiltzeko APP bat deskargatu behar izan dute erabiltzaileek. Lehen esperientzia horren bidez, Getxoko Udalak informazio eta datu gehiago eman ditu alokairuko ibilgailu mota horien hiri-mugikortasunari buruzko hausnarketarako; nabarmendu dutenez, herritarren erantzun zibiko orokorra, ibilbideak eta adierazitako lekuetan aparkatzea errespetatuz egin da eta ez da "inolako istripurik egon". Enpresa, bestalde, oso pozik dago Getxoko proba pilotuan lortutako emaitzagaz, bere proiektua garatzeari begira.

Proba pilotu horretan patinete elektrikoak bidegorrietatik eta gehienez 30 km/h-ko abiadura-muga duten guneetatik ibil zitezkeen, inoiz ez espaloietan. Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) uste du probak erakutsi duela patinete elektrikoen alokairu partekatuko sistema batek "ez duela zertan kaos bat izan behar eta kalteak besterik ez eragin"; aitzitik, gaineratu dutenez, "sistema hori eredu ordenatu, kontrolatu baten bidez ematen bada, eguneroko mantentze-lanak eginez eta e-scooterrak behar bezala ibiltzeko eta aparkatzeko azpiegitura nahikoa izanez gero, balio bat baino ezin da izan. Getxo izan da MPIrako (Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak) aparkaleku espezifikoak gaitu dituen lehen Udala, eta, hiri eta udalerri batzuetan gertatzen den ez bezala, patinetez inbaditurik direnak, zerbitzu hori ordenatua eta kontrolatua izan da".

Udal Gobernuak probako lau hilabete horietan jasotako datuak aztertuko ditu, Getxo 2030 Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren (HMIP) esparruan. Plan horren helburua da, bertan jasotzen denaren arabera, “herritarrek mugitzeko eta tokietara heltzeko beharren arteko oreka bermatu nahi dute, oro har, jasangarritasuna kontuan hartzen duen testuinguru batean, ingurugiroaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik, eta Europar Batasunaren eta garraio-sistemari eragiten dioten erakundeen xedapenak esparru gisa hartuta. Patinete elektrikoak errealitate bat dira dagoeneko gure hirietako mugikortasunean, eta, mugikortasun pertsonal iraunkorreko sistema gisa, guri dagokiguna, gure eskumenen arabera eta Trafikoari buruzko Estatuko araudiaren barruan, gure kaleetan duten erabilera arautzea da; bereziki, oinezkoentzako arriskua saihestuz, patinete horiek joan-etorrietarako sistema gisa erabiltzen dituzten pertsonen segurtasuna bermatuz, aparkatzeko lekuak arautuz eta patinete enpresen ezarpena kontrolatuz alokairu partekatuan".

Datu batzuk

5.123 erabiltzailek erabili dute zerbitzua, eta, batez beste, 61 eta 66 joan-etorri egin dituzte egunero irailean, urrian eta abenduan (azaroan 23 egunez egin zuen euria, eta 32ra jaitsi zen). Adinen arabera, erabileren % 64 18 eta 34 urte bitarteko pertsonei dagokie; ondoren, % 20, 35 eta 44 urte bitartekoei; % 11,2, 45 eta 54 urte bitartekoei; % 3,63, 55 eta 64 urte bitartekoei; eta % 0,36, 65 urtetik gorakoei.

Aplikazio mugikorra 8.188 pertsonak deskargatu dute, % 73 gizonak eta % 27 emakumeak.

Proba pilotua egin den hilabete guztietan 140ra iritsi dira egun batean egin diren ibilbideak, eta egun horiek bat datoz bariku, aste-akabu, jaiegun eta jaiegun bezpera gisa adierazitako egunakaz. Kasu horietan, eguneko patinete bakoitzeko 3 erabilera baino gehiago izan dira. Hori, enpresaren iritziz, oso datu positiboa da beste hiri batzuekaz alderatuz gero.

Iraila izan zen zerbitzua gehien erabili zen hilabetea, jaurtiketaren "boom"-agatik eta eguraldi onagatik, eta abendua berdintzear egon da, eguraldi ona eta Gabonetako oporrak zirela eta.

Eskuragarri dauden datuen arabera, erabiltzaileen % 40 Getxokoa izan zen, % 15 Bilbokoa, % 10 Madrilgoa, % 5 Berangokoa, % 5 Leioakoa, % 5 Portugaletekoa eta % 5 Bartzelonakoa; eta gainerako % 15a EAEko, espainiar Estatuko edo beste herrialde batzuetako udalerrietakoa.

Gorabeherei dagokienez, bost patinete lapurtu dituzte eta ibilgailuak manipulatu dituzte lehen hiru asteetan, doan desblokeatzeko. Detektatu ondoren konpondu egin zuten arazoa.

Puntu eta eremu erabilienak

Zerbitzua 9 puntugaz hasi zen arren, herritarren eskariaren ondorioz (sare sozialen bidez, posta elektronikoaren bidez …), 15egaz amaitu zen. Gehien ibili den eremua kostaldekoa izan da, Portu Zaharretik Bizkaia Zubiaraino; izan ere, egungo zirkulazio-mapagaz, zerbitzuaren proba pilotua aisialdirako eta turismorako aukera izatera mugatu da gehienetan, noizean behin Areetara eta Areetara eta Makaleta etorbidera egiten diren joan-etorrietan izan ezik; aurrekoa gorabehera, zerbitzua askotan erabili ohi izan duten pertsonak hilero portzentaje handia izan dira. Portzentaje handian Neguri eta Algortako goiko aldea beheko aldeagaz komunikatzeko ere erabili izan da.

Jatorrian zein helmugan gehien erabili diren puntuak Lezama-Legizamon, Bizkaia Zubia, Ereaga eta Portu Zaharra izan dira. Fadura, Makaletako, Gobela eta Areeta, helmuga bezala erabili dira gehien bat. Enpresaren ustez, gainera, proba pilotu horrek "agerian utzi ditu behar eta eskari gehiago, Getxo eta Leioa, Berango edo Sopela bezalako udalerri mugakideen arteko konexioa beharrezkoa dela eta baita EHUren Leioako EHUko campusarekiko konexioa ere". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun