Erabilera sozialari eta kirolari lotua egongo da Algortako Fadurako garagardotegi zaharra

Iker Rincon Moreno 2020ko urt. 22a, 11:03

Getxoko garagardotegi berriak izango duen itxura berriaren infografia. © GETXOKO UDALA

Orain dela lau urte erre zen eraikina berritzeko parte-hartze bidezko prozesuak etorkizunerako proiektua aurreikusi du daborduko; datozen hilabeteetan hasiko dira hura egokitzeko lanak.  

Algortako Fadurako garagardotegi zaharreko eraikinak bere alderik sozialena berreskuratuko duela iragarri du Getxoko Udalak. Era berean, gaineratu dutenez, tokiko enpresei eta proiektu berriei ere lekua egingo zaie, betiere ariketa fisikoaren inguruko produktuak edo zerbitzuak garatuko badituzte. 2017an, eraikinaren erabilera eta azpiegitura bera diseinatzeko asmoz, prozesu espezifikoa garatu zen Thinking Fadura programaren barruan, non ekipamendua birgaitzeko aurreproiektua egin zen.  Orain, prozesuan parte hartu duten hainbat eragilek proposaturiko ideiakaz egindako aurreproiektua aintzat hartuta, oinarrizko proiektuaren diseinua egin da; horri jarraituko dio egikaritze-proiektuak eta, azkenik, higiezina birgaituko duen obra-proiektua gauzatuko da, ondoren eremuaren birgaitzeari ekiteko.

Aurreikusitakoaren arabera, garagardotegiaren alderik sozialena berreskuratuko duen eraikin bat altxatzea proiektatuta dago. Hau da, udalerriko kirol-taldeen bilerak eta ospakizunak, hainbat motatako jarduerak, erakusketak eta kirolagaz lotutako erakusketa edo proiekzioak egiteko leku bat, besteak beste. Era berean, esan bezala, kirolari lotutako Getxoko enpresa berriei babesa emango die gune berri horrek.

Gune horretan egin daitezkeen jarduerak, beraz, askotarikoak izango dira eta eskakizun desberdinak beharko dituzte, baina eraikinak batasun-irudia izango du bere osotasunean, eta kirol-erakundeentzako gizarte-zentro gisa garatzen ari zen jarduera ematen jarraituko dela bermatuko du.

Hiru giro

Higiezina hiru girotan proiektatzen da, eta horietako bakoitzaren egokitze mailaren arabera definituta geldituko da.

Lehenengoa, gune itxia eta girotua izango da; bigarrena estalia, baina alboetan estali gabea; eta hirugarrena, estalia eta mugetan partzialki itxia. Hiru guneei batasuna emango dien elementu aglutinatzailea egitura izango da, itsasontzi baten zuakerren gisa, modu seriatuan eta erritmikoan jarraitzen dena. Egitura osoari dagokionez, eremuka itxiko da, funtzionaltasuna nabarmentzeko eta hainbat eta aldi bereko jarduerak egin ahal izateko.

Gune itxi eta girotuak solairu bi izango ditu. Beheko solairuan, erabilera anitzeko eremu nagusia egongo da; besteak beste, ospakizunak, proiekzioak, bilerak edo erakusketak egiteko. Gune horren alboan, bilerak egiteko hiru gela daude, tabike mugikorrez bananduak; hortaz, azalera tamaina ezberdinetara egokitu ahal izango da. Gelak, aldi berean, hiru biltegi txikigaz konektatuko dira. Goiko solairua, bestalde, gune gardena izango da, beheko solairuko erabilera anitzeko espaziotik banandua, eta kirol-munduagaz loturiko negozioen ekintzaileentzako haztegi moduan erabili ahal izango da. Solairu biek nahitaezko komunak eta komunikazio-gunea edukiko dituzte.

Erdiko eremua, gutxien girotuta dagoena, higiezin osora sartzeko gunea izango da eta alboko lekuren batean edo bestean garatuko diren jardueretarako ere erabili ahal izango da eguraldi ona egiten duenean.

Azkenik, hirugarren gunea, estalia eta alboan zertxobait babestuta dagoena, kirol taldeek haien kideak kohesionatzeko antolatutako ospakizunak eta otorduak egiteko erabiliko da. Bertan itxitako gune bat ere egongo da, komunak, biltegi txiki bat eta janariaren azken tratamendua edo tresnak garbitzeko lekua izateko.

Materialak

Ekipamenduak iragazkortasun eta irisgarritasun handia izango du giro desberdinen eta kanpoaldearen artean, eta eraikin atsegin, ireki eta irisgarri baten irudia proiektatuko du. Beheko solairuan erabili beharreko materialak harrizkoak izango dira, eguneroko erabileraren eta zorupearen hezetasunaren aurrean iraunkortasun handiagoa ziurtatzeko. Material mota gogorrago horrek, estalkiaren zurezko elementuen adeitasun eta gozotasunagaz kontrastatuko du, eta horiek igarotzen den argia ñabartu eta indartuko dute, baso bateko hostoak eta adarrak igarotzerakoan gertatzen den moduan.

Oinarrizko proiektua, bere diseinuan parte hartu duten pertsona, elkarte eta klubakaz egiaztatu dela dio Getxoko Udalak, "parte-hartze prozesu horren ondorioz burututako aurreproiektuan egindako ekarpen gehienak jasotzen direla ziurtatzearren". Datozen hilabeteetan entregatuko da ekipamendu horren lanak hasteari bide emango dion proiektua.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun