Hasteko, modu laburrean, azaldu zer den CrossFit-a.
Norberaren ahalmen fisiko denak ahalik eta osatuen egoteko entrenamendu sistema bat da. Hau da, horren bitartez ez gara ezertan espezializatuko, hala nola indarrean, erresistentzian edo malgutasunean; baina arlo horiek denak lantzen ditugu, moduren batean edo bestean. Hainbat modalitatetako ariketak konbinatzen ditugu: indarrerakoak, gimnastikoak eta aerobikoak, besteak beste.
"CrossFit-ak gaitasun fisikoak orokorrean lantzen ditu; zehaztasuna lortzeko beste kirol batekin konbinatu beharko litzateke"
Denon ahotan dabilen entrenamendua da; zer dela eta moda hori?
Uste dut eragile asko daudela arrakasta horren atzean. Alde batetik, entrenatzen hasi eta gutxira jendeak hobekuntza fisikoak nabaritzen ditu; hilabete batean jendeak aurrera egiten du, lehen ezinezkoak zitzaizkion gauzak egiteko gai da. Bestetik, komunitate handia sortzen da hemen; klaseak gehienez hamasei pertsonakoak izaten dira, eta laster sortzen da giro polita. Hemen kuadrilla asko sortu da, baita bikoteak ere. Azkenik, aldaketa fisikoa dago; jendeak hobeto ikusten du bere burua lortutakoarekin, eta horrek erakarri egiten du, pilo bat gainera.
CrossFit-a erregistratutako marka bat izan arren, hori eskaintzen duten askotariko gimnasioak agertu dira azkenaldian. Zein da horren egia eta gezurra?
Denetarik dago. Gure kasuan markari ordaintzen diogu eta ofizialki CrossFit deitu diezaiokegu egiten dugunari, hasieratik egin duguna da eta horrela ikasi dugu. Hala ere, badago ordaintzen ez duen edo beste izen bat erabiltzen duen jendea. Askok moda horretaz baliatu dira dirua egiteko eta CrossFit-a beharrean beste edozer gauza eskaintzen dute; baina badago izena erabili ez baina oso entrenamendu onak ematen dituztenak, CrossFit purua dena. Benetan garrantzitsuena da entrenatzailea ariketak norberaren ahalmenetara egokitzeko gai izatea, edozein mailatan.
"Ariketa biziak egiten ditugu; hori dela eta, beharrezkoa ez den arren, gomendatuko nuke bihotza txekeatzea hasi aurretik"
Nork bidera dezake mota horretako entrenamendu bat?
Asteburu bateko ikastaro bat egitearekin (Level 1) nahikoa litzateke legalki klaseak emateko. Hala ere, nik ez dut hori ondo ikusten, ez delako gauza berdina legalki gai izatea entrenamendu bat bideratzeko, eta eskaintzen duzuna benetan kalitatezkoa izatea; asteburu batean ikasten duzuna ezin da nahikoa izan.
Nori zuzenduta dago CrossFit-a?
Askotan esan da oso gogorrak direla entrenamenduak, indartsua izan behar zarela hori egiteko eta lesio-tasa oso altua dela. Hori dena gezurra da, erabat. Edozein pertsonak egin dezake CrossFit-a, betiere entrenatzaile on baten gidaritzapean; horrek kirolariaren ahalmenetara egokitu behar ditu ariketak. Gurpildun aulki batean dagoen batek ere egin ahal izango luke, den-dena egokituta.
Eta zein izan ohi da CrossFit-a egiten duen jendearen profila?
Askotarikoa; orokorrean 25-40 urte artekoak dira, kirolariak edo oraintsu hau probatzera animatu direnak. Hala ere, denetarik dago, 77 urteko gizon bat dago gurean, hasiera-hasieratik gurekin entrenatzen hasi zena, duela lau urte, eta gauza asko egiteko gai da. Emakume eta gizonen arteko aldeari dagokionez, hasiera batean gizon gehiago zegoen, baina orain, apurka-apurka, parekatzen hasi da kopurua. Nik uste dut duela lau urtetik hona aldaketa handia egon dela edertasunaren kanonean; lehen argaltasuna bilatzen zen, eta orain osasuna gailentzen da, muskuluen tonu on batekin indartsu egotea, hain zuzen ere.
"Kontrakoa uste den arren, lesio-tasa oso txikia da. Entrenatzaileek lesioak ekiditeko egokitzapenak egin behar dituzte, beti"
Entrenamenduez gainera, proba eta txapelketa asko egiten dira orain, ezta?
Bai, markak berak txapelketa ofizialak antolatzen ditu urtero, CrossFit Games delakoak. Horietara heltzeko hainbat jardunaldi ere egiten dira, hala nola Open izenekoak; iazkoetan bigarren sailkatu ginen estatu-mailan.