Azkorriko basoa berreskuratzeko zuhaitz-landaketa egingo dute zapatuan

Iker Rincon Moreno 2020ko ots. 6a, 09:30

Azokorriko pinudia, artxiboko irudian.

Zapatuan, hilaren 8an, bertoko zuhaitzak landatuko dituzte Azkorriko pinudian. GuNe kolektiboak azaldu duenez, 10:30ean jarri dute hitzordua, "pinu artean hazten ari den bertoko arbolen erresistentziaren bitartez izan dugu zuhaitz-landaketaren berri".

Talde ekologistak bidalitako ohar baten bidez ahotsa eman diote duela 15 urte landatutako lehenengo zuhaitzari: "Orain dela 15 urte Azkorrin landatu ninduten zenbait herritarrek; gizakiek hippy edo abraza arboles deitzen dituzuen horietako batzuek. Nire ostean, beste horrenbeste ere ikusi ditut landatzen: urkiak, ereinotzak, arteak,…Zoritxarrez ordea, leku guztietan ez daude hippy espezieko gizakiak arbolak landatzen".

Kolektiboak deitoratu duenez, daborduko zur-industria "handiagoa" da basoak baino gure mendietan. "Ekosistema oso baten babes liratekeen baso emankorrak eta jasangarriak izan beharrean, hostoz hosto, mendez mende ondutako lur aberatsak hamarkada gutxian txirotzen dituzten eta papera bilakatuko diren arbolaz josirik daude lurrok; gizakiak dirua deritzon eta batzuentzat soilik den papera, alegia", deitoratu dute ekologistek.

Lehenengo arbolari berriro hitza emanez, hurrengoa dio oharrak: "Horregatik, bertoko arbolak gutxi eta isolaturik egon gara orain arte; baina hori aldatuko dugu. Forondako arbolak borrokarako adorea kutsatu digu eta daborduko Uribe Kostako arbola erretxinduak antolatzen hasi gara. Amesten ditugun baso anitz eta askeak irabazteko lehen pausua izango da zapatu honetan Azkorriko pinudian egingo dugun zuhaitz landaketa. Ez ditugu zuhaitz ikoniko gehiago nahi, zuhaitzak zuhaitz artean galtzeko moduko basoak baizik".

Erlazionatuak

Forondatik basora

GuNe Uribe Kosta 2020 ots 03 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun