Itzubaltzeta III gaztetxea uzteko eskatu die Getxoko Udalak gazteei

Iker Rincon Moreno 2020ko ots. 19a, 11:49

© ITZUBALTZETA GAZTETXEA

Getxoko Gobernu-taldeak (EAJ-PSE) azaldu duenez, elkarrizketarako eskua luzatuta eusten die Itzubaltzeta III gaztetxea okupatu dutenei.

Joan den zapatuan, hilaren 15ean, Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kalean kokatuta dagoen euskaltegi zaharra okupatu zuten dozenaka lagunek, bertan gaztetxea sortzeko asmoz. Udal-arduradunek gogoratu dute okupazio hori "legez kanpokoa" dela eta bertatik alde egiteko eskatu die, "legezko neurri egokiak ez hartzeko". Gobernu-taldeak gogoratu du "denboran zehar Udalaren eta Itzubaltzetako gazteen artean etengabeko lankidetza" egon dela eta akordio batera heldu ahal izateko harremanetan segitzeko asmoa duela adierazi du: "elkarrizketari eskua luzatuta eusten diogu".

Gaztetxeko kideek domekan egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, Itzubaltzeta II gaztetxea zena boluntarioki utzi zuten gazteek, Errekagane inguruko urbanizazio-lanak egin ahal izateko. Garai horretan, negoziaketak abiatu zituzten Udalagaz, eta eraikina erre ondoren, azpiegitura berria eraikitzeko proiektua onartu zutena gogoratu zuten: "Lehiaketa behin bukatuta, planoak kaleratu eta ikusarazi zizkiguten horiei moldaketak egiteko". Hala ere, deitoratu zutenez, "eraikitzeko proiektu hori bertan behera geratu da, euren interes falta dela eta". Hori dela eta, utzikeria horri aurre egin guran, auzo horretako gazteek euskaltegi eta kultur etxe zaharra hartzen zuen eraikina okupatzea erabaki zuten.

Erlazionatuak

Itzubaltzetak gaztetxe berria du

Iker Rincon Moreno 2020 ots 17 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun