Kalejira musikatu bat egin ondoren, Itzubaltzeta III gaztetxearen ateak ireki zituzten zapatuan dozenaka lagunek. Auzo horretako Lope de Vega kaleko eraikina okupatu zuten, duela gutxira arte euskaltegia eta kultur etxea zena. Izan ere, gazteek azaldu dutenez, "aurreko urteetan gertatutako guztiak hautsak harrotu ditu eta, ondorioz, herriak okupazioaren bidea hartzea erabaki du". 2013an Errekagane kalean lekututa zegoen gune autogestionatua utzi zuten gazteek, Gobela ibaiaren obrak egin zitezen. Horiek irauten zuten bitartean, Getxoko Udalak Ezekiel Agirre kaleko etxe-merkea eskaini zion gazte asanbladari bere ekinbidean jarrai zezan, "baina eskainitako guneak mugatu gaitu, autogestiorako trabak jarriz", deitoratu dute.
2016an amaitu ziren Errekagane kaleko ingurua urbanizatzeko lanak, eta handik urtebetera gaztetxea zen eraikina kiskali egin zen. "Gertakizun latz horren ostean Udalarekin batu behar izan ginen eraikin berriaren inguruan aritzeko", eta urtebeteren ondoren, eraikin berria eraikitzeko proiektua onartu zutela gogoratu dute gaztetxeko kideek: "Lehiaketa behin bukatuta, planoak kaleratu eta ikusarazi zizkiguten horiei moldaketak egiteko. Zoritxarrez, eraikitzeko proiektu hori bertan behera geratu da, euren interes falta dela eta". Hori dela eta, zapatuan, hilaren 15ean, auzo horretako gazteek euskaltegi eta kultur etxe zaharra hartzen zuen eraikina okupatzea erabaki zuten.
Gazteen beharrari erantzunik eza
Itzubaltzeta III okupatu duten gazteek salatu dutenez, Getxoko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) ez du "lehentasuntzat" hartzen udalerrian gaztetxe bat egotea, "bai ordea diru publikoa erabiliz dirutza suposatzen duten eraikin faraonikoak altxatzea: Muxikebarri Antzokia, Musika Eskola eta Romo Kultur Etxea, besteak beste". Era berean, deitoratu dute udal-arduradunek udalerriko lursailekaz "espekulatu" besterik ez dutela gura: "eraikin hauek bota nahi dituzte, dakigunaren arabera, gazteentzako eskuragarriak ez diren Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeko aitzakiapean". Gazteek ez dute etxebizitza horiek eraikitzearen beharragaz bat egiten, "arazo horri aurre egiteko hainbat alternatiba dagoelako". Azaldu dutenez, "Getxon, 33.600 etxebizitzetatik 3.371tan ez dago inor erroldatuta. Horietatik, 348 Itzubaltzetan daude. Aurretik aipatutako 3.371 etxebizitzetatik %58a noizean behin erabiltzen dira, %30a jenderik gabeko etxebizitzak dira eta %12a bigarren etxebizitza bezala erabiltzen da. Jenderik gabeko etxebizitza horietatik %88a udalerriak kudeagarri ditu".
Horrez gainera, "alternatibaz beteriko errealitatea" eraikitzeko deia egin dute gaztetxeko kideek, "gune intergenerazional bat sortu, auzokideen arteko elkar-ezagutza sustatu, aisialdi alternatibo bat eskaini eta beste hainbat gauza gehiago egiteko".