Nondik dator erromeria bat sortzeko ideia?
Bidean erromeria taldea sortzeko ideia 2016an egosi genuen udako beroaren erosotasunean. Taldekide zaharrenak, Ainhoa eta Kerman, batu ziren hasieran elkarrekin kantatu eta jotzeko asmotan. Geroago, Ainhoaren lagunen txokoan entseguei ekin genienean, beharbada, ez genuen uste kontzerturik emango genuenik ere, baina hor hasi ginen abesti-zerrenda bat osatzen. Lehenengo kontzertua 2017ko urtarrilaren 6an eman genuen, Muskizko San Julian auzoan.
Badakit erromeria honetaz aparte bestelako proiektuetan zabiltzatela. Horren inguruan zeozer esaterik?
Bada, bai; jendeak badaki musikarioi mila saltsatan sartzea gustatzen zaigula, eta gurean ez gara ezberdinak. Bidean taldeko kideak beste talde batzuetako partaide ere badira, adibidez: Ainhoa eta Kerman bikote akustikoa; The Cool Clown Clan taldea; eta Sakatu Elektrotxaranga.
Nahiz eta erromerien zuzenekoetan jendetza bildu, musikari askori ez litzaioke burutik pasako erromeria bat sortzea... Zer iritzi diozue horri?
Normala da, seguruenik musikari guztiak ez ditu asetzen erromeria-talde batean jotzeak, eta seguruenik gu musikari modura ere ez gaitu guztiz beteko. Musikak asko dauka sorkuntzatik eta argi dago erromeriak ez duela sorkuntzarako leku handirik uzten. Guk musikari moduan bilatu behar ditugu, behar izanez gero, sortzeko espazioak taldetik kanpo. Badaude esaten dutenak erromeria gehiegi daudela eta gehiegi deitzen digutela; guk horrenbeste ez genuke esango, baina egunero sorkuntzan ibiltzen diren taldeei errespetu ikaragarria zor diegu eta uste dugu askotan ez dela baloratzen horiek egiten duten lana.
Kanpotik ikusita esango nuke kulturaren bultzatzaile amorratuak zaretela... Zelan ikusten duzue gazteen arteko musika-giroa?
Gure herrian badirudi kulturak baduela indarra, eta musikak beharbada beste edozein diziplinaren gainetik. Dena den, galdera konplikatua da egin diguzuna; izan ere, Berri Txarrakek bi sold out egiten ditu Nafarroa Arenan eta, hurrengo asteburuan, koadrila bat besterik ez dago Bilboko lokal batean jotzen duen euskal talde duin bat ikusten. Horren aurrean zer esan daiteke? Ondo gaude? Ez gaude ondo? Eszenaren osasuna neurtzeko benetan balio duena, gure iritziz, hau da: zenbat jende dagoen prest kontzertu bat ikusteagatik ordaintzeko, zenbat jende dagoen prest kulturan dirua inbertitzeko, zenbat jende dagoen prest talde hasiberriei jotzeko lekuak eskaintzeko, eta abar.
Bertsioez aparte, zuena abestiak ateratzeko asmorik duzue?
Aurrerago aipatu dugun bezala, sorkuntza musikari izatearen ezinbesteko ondorioa da eta seguruenik noizbait zerbait egingo dugu. Hala ere, momentuz ez daukagu plan berezirik prestatuta, baina ez dugu ideia baztertzen.
Gertura begirako datarik?
Momentuz ez dago ezer itxita, baina badirudi martxorako zerbait egon daitekeela. Dena den, batez ere maiatzetik aurrera hasiko gara benetan udako birarekin. Gainera, orain trantsizio-momentu batean gaude eta aurten zuzeneko berriztua erakusteko aukera izango dugu.