Besterik esan arte zenbait udal-gune ixtea eta jarduera ugari bertan behera uztea erabaki du Getxoko Udalak, "Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza Sailek eta Osakidetzak ezarritako neurriei jarraituz". Hauek dira hartutako neurriak:
Kultur Etxeak eta Torrene aretoa
Villamonteko Kultur Etxea eta Romo Kultur Etxeak itxiko dira (udal-euskaltegia, liburutegia, Bebeteka, Gaztelekua, aretoak, tailerrak eta adinekoentzako jarduerak, ikastaroak eta zerbitzuak bertan behera geratu dira). Algortako Gaztelekua eta Areetako ludoteka ere itxiko dira. Telefono bidezko arreta mantendu egingo da, zentroen ohiko ordutegian. Torreneko erakusketa-aretoa ere itxita egongo da. Bihar, martxoaren 13an, ez da zine-klub saiorik egingo Musika Eskolan.
Musika Eskola
Areetako eta Algortako Andrés Isasi Musika Eskolaren zentro biak itxiko dira, eta jarduera guztiak bertan behera geratuko dira.
Muxikebarri
Muxikebarrin aste honetarako propramatutako jarduerak (Zinekluba, Speedometer taldearen kontzertua eta domekako umeentzakozinema) ez dira egingo.
Gizarte Zerbitzuak eta udal egoitza
Era berean, itxi egingo dira udal-egoitzako Eguneko Arreta Zerbitzua eta udalerriko adinekoen elkarteak dauden udal-guneak, hau da, Ajane Algortan, Urte Alaiak Andra Marin eta Ibar Nagusien Etxea Romon. Elkarte horiei jarduerak eteteko ere gomendatu die Udalak.
Zaintzaileentzako tailerrak ere bertan behera utzi dituzte, eta Gobelaurre Boluntariotza Zentroko eta tutoretzapeko apartamentuetako garbiketa-neurriak indartu dituzte. Udal-egoitzak ere aplikatu ditu osasun-agintariek emandako neurriak, eta horien artean dago egoiliarrek senide bakar baten bisita baino ez dutela jasoko, beti ere senide berarena, eta egunean gehienez ordubete iraungo dutela bisitek.
Familien Eskolaren ikastaroak bertan behera geratu dira.
Getxo Kirolak
Getxo Kirolakek, besterik esan arte, bertan behera utzi ditu Fadurako eta Gobelako kiroldegietako kirol-ikastaroak, eskola-igeriketa, gimnasioak eta osasun-zentroa. Hala ere, kiroldegiak zabalik daude.
Era berean, estatu-mailan lehiatzen diren talde getxoztarren partiduak ez dira jokatuko. Hauek dira taldeak: Getxo Rugby (gizonezkoak eta emakumezkoak), Arenas Club, CB Romo (gizonezkoak) eta Bizkerre (emakumezkoak). Foru Aldundiak Eskola Kirolaren jarduerak ere eten ditu. Eta bertan behera geratu da Itxartu taldeak domekarako, martxoak 15, antolatutako krossa.
Emakumeentzako jabekuntza Eskola
Bertan behera geratu da Jabekuntza Eskolaren programazioa.
Herritarrei deia
Getxoko Udalak herritarrei eskatzen die erregistro-bulegoetan aurrez aurreko izapideak ahalik eta gehien murrizteko, eta gogorarazi gura du izapide batzuk administrazio elektronikoko bulegoaren bidez egin daitezkeela, baita Call Center eta HABen telefonoen bidez ere.