Nondik dator ekimen horren ideia?
Joan den martxoaren 13an hasi ginen maskarillak egiten. Egoera larritzen ari zela ikusita, Himakape-ko ikasle batzuk eta ni maskarak jostea beharrezkoa izango zela uste genuen, eta horri ekin genion.
Zenbat kidek parte hartzen duzue horretan?
Hasiera batean lau pertsona batu ginen zeregin horretara; hala ere, une honetan hogei kide baino gehiago parte hartzen ari gara: jostunak, koordinatzaileak, garraiolariak... Denak Bilbo, Getxo eta Portugaletekoak gara.
Jositako maskarak horiek eskatzen digun edozeini ematen dizkiogu: partikularrak, farmazialariak, dendariak...
Nori bideratuta daude maskarilla eta buzo denak?
Jositako maskarak eskatzen digun edozeini ematen dizkiogu. Orain arte partikularrak izan dira gehienak, baina farmazialari eta dendariek ere eskatu dizkigute. Erizain batzuk haien eguneroko bizitzan erabiltzen dituzte. Baina oihalezko maskarak ez dira aproposak osasun zentro edo ospitaletan lanean ari direnean erabiltzeko.
Zenbat sortu dituzue jada? Zenbat egin ohi dituzue egunero?
Egia esanda, ez ditugu zenbatzen egindakoak. Jositakoak jaso eta ia berehala banatzen ditugu. Ez dugu astirik horiek zenbatzeko...
Horretan lagundu gura duenak zer egin beharko luke?
Una honetan materialik gabe geratu gara eta ezinbestekoa zaigu ahalik eta lasterren jasotzea aurrera jarraitu ahal izateko. Hurrengo materiala behar izaten dugu normalean:
- Olana (ahal bada %100 kotoizkoa).
- Josteko haria.
- Izarak (lotzeko tirak egiteko).
- Oihal polarra (barruko filtroa egiteko).
Ez dugu dirurik onartzen. Eskatzen dugun bakarra da norbaitek aurreko materialak etxean izatekotan gure Algortako dendara ekartzea edo horiek erosi eta guri bidaltzea. Baina, noski, norbait etxetik ezin bada irten, abisa diezagula eta guk jasoko genituzke materialak euren etxeetatik.
Zelan egiten dituzue produktu horiek denak?
Mantalak bi jostunen artean egin ditugu, oso oihal gutxi lortu genuelako. Lan horretan Durangaldeko pertsona batzuekin egin dugu lan (Jose eta Ivan), eta eskerrak eman nahi dizkiegu eman diguten laguntza handiagatik. Maskarak, aldiz, jostun denen artean egiten ditugu; bakoitzak bere tailerrean edo etxean bertan.
Jostun bakoitzarentzako materiala prestatu ondoren, paketeak antolatu eta modu ezberdinetan banatzen dira. Gehienetan kotxez egiten dugu hori eta horretan kide bat ari da. Algortan banatu behar bada, normalean, etxez etxe banaketa egiten dugu oinez, edo jostunak dendara etortzen dira.
Lanean hasi aurretik, material denak aldez aurretik desinfektatu egiten ditugu.
Seguruak dira?
Lanean hasi aurretik, material denak aldez aurretik desinfektatu egiten ditugu: ur eta lixibaz garbitu 60 gradu baino gehiagoko tenperaturan. Maskarillak egin ondoren, erabiltzaileek ere horiek garbitu beharko lituzkete, tenperatura berean, jaso bezain laster. Ezin dira horiek erabili pauso hori jarraitzen ez bada. Eta beti azaltzen ditugu instrukzio guztiak, zuzenean edo mezu baten bidez.
Amaitu baino lehen eskerrak eman nahiko genizkieke haien laguntza eskaini diguten guztiei. Haiek gabe ezinezkoa izango bailitzateke egiten ari garena.
Erabiltzen ari garen patroia Asun Dominguez Academia eta Ezdakitvitoria-rena da. Eskerrik asko biei haien laguntzagatik.