Koronabirusa Uribe Kostan

Aurreikusitako kultur jarduera denak berrantolatzeko konpromisoa hartu du Getxoko Kultur Etxeak

Erredakzioa 2020ko api. 17a, 10:00

Getxoko Kultur Etxea kasuz kasu aztertzen ari da martxoaren 13tik aurrera programatuta zeuden jarduera denak, horiek berrantolatze aldera. Hala, arduradunek iragarri dutenez, Liburuaren Azoka eta Dantzaren Nazioarteko Eguna urrian egingo dituzte, besteak beste.

Matxoaren 13tik aurrera programatuta zeuden jarduera denak etorkizunean mantentzeko konpromisoa hartua duela adierazi du Getxoko Kultur Etxeak. Egunotan bizi dugun larrialdi egoeraren ondorioz, ekimen horiek denak bertan behera utzi behar izan dituzte; hala ere, etorkizunean aurreikusitako obrak berreskuratu eta berriro programatuko dituztela iragarri dute arduradunek, "aurrez hartutako baldintza berdinetan, 2020an edo 2021ean". Muxikebarri Antzokiaren programazioari dagokionez, azaldu dute ordainsarien %30a ordainduko dietela artistei ikuskizuna baino 90 egun lehenago.

Getxoko artistek sustatutako obrak

Udal arduradunek azpimarratu dutenez, udalerriko profesional ugarik parte hartu dute Getxoko kultur programazioaren osaketan. Horien artean hurrengoak nabarmendu dituzte:

  • Ados teatroaren Lloviendo ranas. Garbi Losadak zuzendutako antzerkia da hori; martxoaren 21ean egitekoa zen, baina urrira arte atzeratu dute.
  • Organik konpainiaren Sareak ikuskizuna, Natalia Monge artistak zuzendutakoa. Maiatzaren 16rako aurreikusita zegoen arren, konpainiak berak data berria zehazteko zain daude.
  • Pablo Viar getxoztarrak zuzendutako Enigma Pessoa; urrirako aurreikusita dago.
  • Denis Santacana artistaren Sharing Home dantza-ikuskizuna, urrirako aurreikusita.

Herritarren kreatibitatea sustatu guran

Getxoztarrek euren irudimena martxan jartzeko asmoz, Getxoko Balkoiak egitasmoa jarri du martxan Getxoko Kultur Etxeak. Zehaztu dutenez, iniziatiba hori udalerriko artistek balia dezakete garai latz hauetan "diru-sarrerak bermatu ahal izateko". Izan ere, ekimen horrek 600 euroko 10 sari banatzea aurreikusten du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun