Koronabirusa atzerrian

"Krisi honetan beharrezkoa den laguntza soziala gizartearen eskuetan utzi du Danimarkako Gobernuak"

Iker Rincon Moreno 2020ko api. 20a, 12:42

Duela lau urte Danimarkara master bat egitera joan ondoren, bertako DTU unibertsitateko ikerketa talde batean beharrean harrapatu du koronabirusaren krisiak Arrate Sainz de la Maza Larrea Kopenhagen. Algortarrak azaldu digunez, bertan ez daude etxean egotera behartuta; hala ere, etxetik lanean dabil martxoaren 12tik. “Kalera atera gaitezke inolako arazorik gabe eta jendearekin elkartu 10 pertsona baino gutxiagoko taldeetan, betiere distantzia mantenduz”.

Urte biko master bat egitera joan zen Arrate Sain de la Maza Larrea Danimarkara; hori bukatu ondoren, Kopenhageko ikerketa-talde batean hasi zen beharrean, doktoretza atera bidean. Dioenez, koronabirusak eragindako krisialdiak etxetik lan egitera behartu du eta, laborategian egon ezin den bitartean, zientzia artikulu bat idazten ari da. Izan ere, martxoaren erditik hona sektore publikoko langileak eta ikasleak etxetik lan egiten ari dira. Aitortu duenez, ondo moldatu da egoera berrira eta ez du aspertzeko astirik. Kalera irten ahal izateak, gainera, asko laguntzen duela azpimarratu du: “Egunero jende asko ez dabilen lekuetatik paseo bat ematera edo korrika egitera joaten saiatzen naiz. Lehen nuen errutina eta leku askotara joan ahal izatea da faltan botatzen dudana, baina Euskal Herriko eta beste hainbat herrialdeetako egoera ikusita, pribilegiatuak gara. Familiak kezkatzen nau gehiago”.

“Nire lanpostua mantendu dut eta egunerokotasunean pribilegio asko mantendu ditugu, kalera ateratzekoa, adibidez”

Gaur egun bizi dugun krisiak herriarekiko eta familiarekiko distantzia “handitu” egiten dela dio gazte algortarrak: “Nahi dugunean eta nahi dugun tokira bidaiatzeko askatasun hori bat-batean kendu egin digute eta zure herria ez den beste toki batean harrapatuta zaudela sentitzen duzu”. Hala ere, argi dauka “zorte handia” izan duela krisi horrek bertan harrapatu izanagatik. “Nire lanpostua mantendu dut eta egunerokotasunean pribilegio asko mantendu ditugu, kalera ateratzekoa, adibidez”.

Danimarkan, hasieran, 100 pertsonatik gorako bilerak eta elkarretaratzeak debekatu zituzten; hala ere, martxoaren 18tik aurrera gehienezko kopurua 10era murriztu zuten. “Polizia kalean dabil, parke eta lakuetan hori eta segurtasunezko distantziak betetzen direla ziurtatzeko”, azaldu digu. Izan ere, aipatu duenez, jendea daborduko lasaitzen hasi da eta askok ez dituzte birusaren hedapena murrizteko neurriak errespetatzen; hala, “isunak jartzen ari dira horiek betetzen ez dituztenei”.

“Gobernuak ekainera arteko soldaten %75 ordainduko du enpresak itxita mantentzen diren bitartean”

Jatetxe, taberna eta kafetegiei dagokienez, ez dago alde handirik espainiar Estatuan eta Danimarkan; itxita daude bertan eta etxera eramateko zerbitzua soilik dago baimenduta. Bestelako komertzioei dagokionez, aldiz, horiek ixteko gomendioa eman du Gobernu daniarra, “baina ez daude ixtera derrigortuta”. Enpresakaz ere berdin jokatu dute, “etxetik lan egin ahal izanez gero erabaki hori bultzatu da eta enpresetan neurriak hartzera animatu dituzte”. Are gehiago, ixtea erabaki dutenentzako laguntza-pakete bat eskaini dute: “Gobernuak ekainera arteko soldaten %75 ordainduko du enpresak itxita mantentzen diren bitartean”. Horrez gainera, ikasleek eta langabeek jasotzen dituzten diru-laguntzak luzatu dituzte ere nahiz eta horiek jasotzeko baldintzak betetzen ez dituzten arren. Covid-19ari aurre egiteko, gainera, koronabirusa detektatzeko testak garatzeko diru-laguntzak ematen ari zaizkie hainbat ikerketa zentrori.

Azken egunotan egoera lasaitu egin da herrialde nordikoan; hala, apurka-apurka gauzak irekitzen hasiko direla iragarri du algortarrak. Eskolei dagokionez, joan den apirilaren 15ean ireki zituzten berriro ere lehen-mailako eskolak; hainbat enpresak ere ateak zabaldu ditu, “betiere neurri bereziak hartuta”. Maiatzaren 10etik aurrera unibertsitatera lanera bueltatzeko esperantza du ikerlari gazteak, “txandetan eta eremu fisiko berean elkartu daitekeen jende kopurua murriztuta".

Beharrezkoa den laguntza soziala gizartearen eskuetan utzi dute, boluntario eta Gobernuarekin loturarik ez duten erakundeen eskuetan”

Danimarkako Gobernuak hartutako neurrien “gardentasun-falta” falta deitoratu du Sainz de la Mazak: “biztanleei emandako datu eta informazioak ez du errealitatea islatzen eta benetako zenbakiak ezkutatzen dituzte”. Horrez gainera, pertsonei eta horien osasuna lehen lerroan jarri beharrean agintariek ekonomiari ematen dioten garrantzia ere salatu du algortarrak: “Krisi honetan beharrezkoa den laguntza soziala gizartearen eskuetan utzi dute, boluntario eta Gobernuarekin loturarik ez duten erakundeen eskuetan”.

Danimarkan konfirmatutako Covid-19 kasuak 7.384 dira eta hildako kopurua 355ra heldu da.

Datuak: 2020ko apirilaren 20an.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun