Elkarrizketak

"Gaztetxea bizirik mantendu nahi izan dugu, eta hori jendearen parte-hartzearekin lortzen da"

Iker Rincon Moreno 2020ko api. 20a, 16:30

Txorimalo gaztetxea, artxiboko irudian.

Hamalau urte igaro dira Getxoko Txorimalo gaztetxea okupatu zenetik. Gune autogestionatuko kideek hasiera-hasieratik bazekiten urteurren berezia izango zela aurtengoa, Kopako finalak eragina izango zuelakoan. Hala ere, koronabirusak agerraldia egin orduko, aurreikusitakoa ezerezean gelditu eta ospakizun berezia egitea erabaki zuten. Horri esker, azken egunotan bideo-sorta ederra ikusi ahal izan da euren sare sozialetan, etxean konfinatuta egon arren gazteek urtemuga egunez egun zer-zelan ospatuko luketen irudikatu guran.

Txorimalo gaztetxeak hamalau urte bete ditu aurten; koronabirusak, baina, ez du ohiko ospakizunik egitea. Hala ere, birtualki bada ere, urtemuga hori aldarrikatzeari ekin diozue.

Etxean konfinatuta egon arren, jende askok bere buruari galdetu dio egoera normal batean ea non egongo litzatekeen. Hala, urteurrenaren ospakizun egun hauek etxean harrapatu gaituenez, nostalgia apur batekin birsortu ditugu bizi ohi ditugun egoerak egun berezi horietan. Gaztetxea bizirik mantendu nahi izan dugu, eta hori jendearen parte-hartzearekin lortzen da.

Nondik dator ideia?

Urteurrena prestatzeko asanblada bat egin genuen hau dena hasi baino lehen eta WhatsApp talde bat sortu genuen, dena antolatzeko asmoz. Azkenean, egoera zela eta, alternatibak bilatu behar izan ditugu, eta sare sozialen bitartez nolabait ospatzea erabaki genuen.
 

Zelako harrera izan du egitasmo horrek?

Egia da bideoak jasotzeko momentuan asanbladako jendea izan dela gehien inplikatu dena. Hala ere, publikatutako bideoak harrera oso ona izan dute; jendeari gustatu zaizkio eta, nolabait, euren burua urteurrenean kokatu ahal izan dute, birtualki.

Gogorra izan da denbora luzez urteurrena antolatzen ibili ondoren dena bertan behera utzi behar izatea?

Egia esanda, asanblada bakarra egin genuen konfinamendua hasi aurretik. Koparen finala urteurrenaren asteburu berdinean izango zela kontutan hartuta, ez genuen asko antolatu. Hainbat pertsona ez zen egongo asteburu horretan eta ezohiko urteurren bat espero genuen. Kontzertuak lotzea zaila zen eta pare bat taldek ezezkoa eman ziguten horrexegatik. Azkenean desberdina izan da, baina beste arrazoi batzuengatik.

"Dudarik gabe hauxe izan da antolatu dugun urteurrenik bereziena"

Aurtengoa “behar bezala” ospatu ezean, 2021ean zerbait bereziagoa egitea aurreikusten duzue?

Dudarik gabe hauxe izan da antolatu dugun urteurrenik bereziena. Datorren urtean hamabosgarrena izango dugu, zenbaki sasi-borobila. Egitarau edo kontzertu indartsuak egongo diren edo ez ezin dugu aurreikusi; hala ere, gustatuko litzaiguke urteurren polit bat egitea. Dena dela, ikusi beharko dugu zein den jendearen inplikazioa, horixe baita gaztetxea aurrera ateratzen duena.

Zelakoa aurreikusten duzue izango dela Txorimalo gaztetxearen jarduna urte honetan?

Egoera hau baino lehen hasi ginen Txorimalo birsortzeko ideiarekin. Urtean zehar egiten ditugun asanbladetako (eta ondorioz antolakuntzako) bataz-besteko adina nagusituz doa, nahiz eta gero jaialdiak eta kontzertuak ospatzerakoan oso jende gaztea hurbiltzen den. Belaunaldien erreleboa eman behar da, eta horretan gaude, baina gazteon inplikazio sendoagoa behar du Txorimalok aurrera jarraitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun