Elkarrizketak

"Kantatzeko ohitura ez galtzeko aukera da egunero balkoira abestera ateratzea"

Iker Rincon Moreno 2020ko api. 22a, 16:28

Andoni Martínez etxeko balkoitik kantatzen. © ANDONI MARTINEZ BARAÑANO

Eguneroko zita daukate Algortako San Nikolas plazako auzokideek Andoni Martínez Barañano tenorragaz. Berak azaldu digunez, konfinamendua abiatu zenean ekin zion bere etxeko balkoitik kantatzeari, inolako bozgorailurik gabe, operan egongo balitz bezala. Arrastiko zortzietan, puntu-puntuan, agertu ohi da jendaurrean, boleroak, zarzuelak edo ezagunak diren opera-kantak abesteko. Dioenez, garai zailak datoz kulturaren mundurako; bitartean, kantatzeko ohiturak ez galtzeko eta jendea animatzeko baliagarria egiten zaizkio horrelako ekimenak. Horrez gainera, azaldu duenez, azken egunotan Cáritas GKE laguntzeko disko solidarioa grabatzeko ekimena jarri du martxan.

Hilabete baino gehiago daramazu egunez egun Algortako etxeko balkoitik auzokideentzako kantatzen. Agerleku hobeagorik ba al dago?

Egia esan agerleku oso polita da hau, San Nikolas plazaren erdi-erdian. Publikoak, gainera, oso harrera ona egiten dit; edozer gauza kantatuta ere asko eskertzen dute auzokideek. Oso harrigarria da bozgorailurik gabe abestuta zein ondo entzuten den dena; plazaren moduagatik, ahotsak inguruko etxeetako fatxadak jo eta soinu oso ona dago hemen. Eta horixe da operaren eta kantu lirikoaren oinarria; beraz, oso gustura nago hemen kantatzen.

"Sare sozialetan bideoak igo ditudanean, ikusi ahal izan dut jende asko ni entzuteko motibazioa duela egunero"

Konfinamendua hasi eta berehala hasi zinen kantatzen. Zergatik?

Bai; arrastiko zortzietako osasun-langileen aldeko txaloetara orokorrean jendea animatzen ez zela ikusi nuen, lotsagatik edo. Orduan, esan nuen egoera animatu beharra zegoela nolabait eta egunero jendaurrean kantatzeko erabaki nuen, jendeari lotsa kendu eta txaloak areagotzeko.

Ez dakit nire erabakiak eragina izan duen edo ez, baina egia da orain jende gehiago animatzen dela txalotzera. Argi dago orain egoeraren jabe garela eta egunerokotasunaren errutina apurtzeko ateratzen garela baita ere leihora. Hala ere, sare sozialetan bideoak igo ditudanean, ikusi ahal izan dut jende asko ni entzuteko motibazioa duela egunero.

Egunero atera zara kantatzera? Noiz arte mantenduko duzu errutina hori?

Bai, ez dut inoiz kale egin, eta horrela jarraitzea espero dut konfinamendua amaitu bitartean, abestiak errepikatu barik. Horixe da zailena, gero eta egun gehiago direlako.

Zelako abestiak interpretatzen dituzu?

Ezagunak diren kantak berreskuratzen saiatzen zait, boleroetatik hasita, zarzueletara.

Zelako harrera egiten dizu jendeak?

Jendeak oso ondo erantzuten du eta badago 20:00etarako zain dagoen jendea ere. Hala ere, aurrez aurreko jendearen artean baino sare sozialetan izan ari da oihartzun gehien.

"Zuzenbidea ikasi nuen, baina ondoren kantatzeari ekin nion, horixe delako nire benetako bokazioa"

Abeslari profesionala zara. Nondik datorkizu kantatzeko pasioa?

Egia esanda, oso berandu hasi nintzen kantatzen. Zuzenbidea ikasi nuen eta abokatu gisa jardun nuen hainbat urtez. Garai horretan, Abokatuen Elkargoko abesbatzan hasi nintzen, lehenengo tenore moduan. Bertan nabarmendu nintzen eta Arriagako operako abesbatza batean laguntzeko eskaintza egin zidaten; azkenean ABAOn (Operaren Lagunen Bilboko Elkartea) kantatzen amaitu nuen. Horrezkero, kantu lirikoa nire kabuz ikasteari ekin nion, mundu horrek izugarri liluratzen ninduelako. Zuzenbidea alde batera utzi nuen argi nuelako hori ez zela nire bokazioa eta kantuaren munduan murgildu nintzen guztiz. Halako batean, Florentziara (Italia) joateko kontratua lortu nuen eta profesional gisa hasi nintzen kantatzen. Ordutik halaxe nabil, 2000tik hona.

Konfinatuta egongo ez bagina, non egongo zinateke orain?

Seguruenik Don Pasquale kantatzen egongo nintzateke, Kazakhstaneko Astaná Operan. Horretarako kontratua sinatuta neukan, baita Fuerteventuran abesteko ere. Hala ere, koronabirusaren eraginez dena geldituta dago.

Zelan bizi duzu egoera hau?

Badakigu ikuskizunak izango direla azkenak berreskuratzen, jende asko batzen dutelako leku berean. Egoera txarra da, zalantzazkoa; ez dakigu noiz hasi ahalko garen berriro kantatzen eta lanean. Aditu askok aurreikusi dutenez, baliteke abendura arte horrela mantentzea; ia urtebete galduta inolako diru-sarrerarik gabe.

"Aditu askok aurreikusi dutenez, baliteke abendura arte horrela mantentzea; ia urtebete galduta inolako diru-sarrerarik gabe"

Konfinatuta egon arren, balkoira irten eta kantatzeak abesteko ohitura ez galtzeko baliagarria zaizu?

Bai, noski, kantatzeko ohitura ez galtzeko aukera oso ona da hori. Egunero behar bezala berotu beharra daukat ahotsa kantatzera irten aurretik. Logikoki, ezinezkoa da horrela abestea ahotsa ondo berotu barik; guk diogun bezala: ahotsa mugitu barik. Kantatzea oso fisikoa da; abeslariok gorputzeko muskulu asko erabiltzen ditugu, ahotsaren atletak gara. Hala, korrikalariek egunero korrika egiten entrenatu behar duten bezala, guk gure sistema tonikoa landu beharra dugu, eta horretarako aukera ezinhobea da egunero kantatzea. Hala, hau ere nire tonizitatea ez galtzeko baliagarria zait.

Datozen garaiak latzak izango dira kulturaren mundurako. Zelan ikusten duzu arlo horren etorkizuna?

Oso zailak; oso mundu prekarizatua da berez, krisia izan edo ez. Hala, espero dut Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak neurriak hartzea sektore honetan lagundu dezaten.

Disko solidarioaren grabaketa

Tenore algortarrak Cáritas GKEren aldeko bakarkako diskoa grabatuko du egunotan; horren bitartez, 10.000 euro lortu gura ditu aipatutako elkarteari dohaintzan emateko (3.200 euro produkzio-lanetarako eta gainontzekoa GKEarentzako). Horren helburua da Covid-19aren krisiak bazterkeria egoeran utzitako emakumeak laguntzea.

Horretarako, crowdfunding kanpaina bat abiatu du kantariak hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun