Algortako Makaletako Etorbidearen birmoldaketa maiatzaren 8an amaitzea aurreikusten da. Lan horien ondorioz, María de Ibarra plaza (lehen Txikia plaza) irisgarriagoa eta atseginagoa izango da bai oinezkoentzat, baita inguruko denda eta ostalarientzat ere. Gainera, biribilgune berriak gune horretan ibilgailuen zirkulazioa antolatzea eta erraztea ahalbidetuko du.
Plazaren izena, María de Ibarra, 2017an egin zen parte-hartze prozesu batean aukeratu zen, eta bertan parte hartu zuten Las Uves izeneko gune horretatik hurbilen dagoen inguruan erroldatutako pertsonek. Izen berria, beraz, Getxon 1664an tratu txarrengatik bere senarra salatu zuen lehen emakumeari egindako omenaldi gisa erabiliko da. "Omenaldi horrek, gainera, indarkeria hori pairatzen duten emakume guztiak gogoratzeko eta gure gizarteak pairatzen duen arazoaz kontzientziatzeko balioko du", adierazi dute Getxoko udal-arduradunek. "Hala, María de Ibarra udalerriko kale izendegian emakumeen aurkako indarkeriaren biktima izan den lehen emakumea izango da".
Kontrastatu da Las Uves izenagaz ezaguna den azpiegiturak ez duela balio artistiko eta arkitektonikorik, Viviendas de Vizcaya enpresa pribatuaren inizialak baitira. "Gainera, Makaletako etorbidearen inguruko proiektua jendaurrean jartzean ez zenez irudi horiek mantentzeko eskaerarik jaso, datozen egunetan kendu egingo dira", jakinarazi du Udalak.
Plaza berrirako, eta emakume horren irudiari eta hark ordezkatzen duenari balioa emateko asmoz, Getxoko Udalak modu parte-hartzailean lan egingo du plaza horren izena sinbolizatzen duen elementu bat jartzeko eta emakumeek jasaten duten indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatzen laguntzeko.