Hasiera batean, proiektuak koordinatzeko lan egiten duten erakundeakaz sortu da mahaia eta, ondoren, beste batzuk gehituko dira. Mahaiaren helburua izango da gune egonkor bat izatea erakunde bakoitza eta Udaleko gizarte-zerbitzuak egiten ari diren jarduerak partekatzeko eta koordinatzeko, antzemandako kezkak edo behar berriak erakusteko.
Lehenengo bilera
Mahaia atzo, eguaztenean, apirilak 29, bildu zen lehenengo aldiz bideo-dei baten bidez. Bertan, Getxoko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako ordezkariek eta Caritas, Sortarazi, DYA, Perualde, Karitateko Alabak, San Nikolas parrokia eta Gurutze Gorria entitateko ordezkariek parte hartu dute. Erakunde horiez gainera, gogoratu beharra dago Algorta-Getxo eta Itzubaltzeta/Romo auzoetan familiak eta beharra duten pertsonak laguntzeko herritarren sareak ere daudela martxan, larrialdi egoera hasi zenetik. Zaintza sareok HIRUKAri konfirmatu diotenez, Udalak ez ditu mahai horretarako gonbidatu; "ez dute inolako saiakerarik egin gurekin harremanetan jartzeko inoiz".
Bileran, egiaztatu da gora egin duela Covid 19 krisiaren ondorioz artatu behar izandako familien kopuruak, erakunde bakoitzak bere lan-eremuak azaldu ondoren; batez ere, elikagaien banaketa, laguntza ekonomikoak, adinekoentzako laguntza indartzea, errefuxiatuei laguntzea... Horrela, sortutako esparruak dauden baliabideen banaketaren koordinazioa hobetzeko eta une bakoitzean sortzen den egoerara egokitzeko balioko du.
Mahaiaren hurrengo bilera datorren eguaztenean, maiatzaren 6an, izango da, 10:00etan.