Koronabirusa Uribe Kostan

Norbera babesteko eta higienerako ekipamenduak banatu dituzte Getxoko merkatarien hiru elkarteen artean

Erredakzioa 2020ko mai. 2a, 11:21

Eudelek ere herriz herri banatzeko maskarak eskuratu ditu. © EUDEL

Getxoko Udalak udalerriko merkatarien hiru elkarteen (Getxo Enpresa, Algortako Dendak eta Romo Bizirik) eskura jarri ditu gaur banakako babes- eta higiene-ekipoak. Zehazki, 12.000 maskara kirurgiko, 6.000 eskularru pare, aurpegiko 1.000 pantaila babesle (ile-apaindegietarako eta estetika zentroetarako) eta 100 litro hidrogel entregatu dituzte.

1.200 establezimendu ingururen hartzaile kopurua kontuan hartuta, bakoitzak honako hauek jaso ditu: 10 maskara kirurgiko, 5 eskularru pare, aurpegiko 3 pantaila babesle (ile-apaindegiak eta estetika-zentroak soilik) eta hidrogel bat. Hiru elkarteek udalerriko saltoki guztien artean banatzeko konpromisoa hartu dute, elkarteko kide izan ala ez.

Ekintza horren bidez, Udalak bermatu gura du astelehen honetan, maiatzaren 4an, aurreikusita dagoen merkataritzako jarduerarako itzulera Osasun Sailaren gomendioak betez egitea.

Banaketa

Banaketa maiatzaren 4tik eta 5etik aurrera egingo da, eremuaren arabera, eta astean zehar, eta beharrezkoa da dosifikagailua hutsik eramatea desinfektatzailea banatu ahal izateko.

Elkarteetako kide diren establezimenduek elkarteek esleitutako egoitzetan edo lokaletan (Algortako Dendak eta Romo Bizirik) jaso ahal izango dute materiala, behean adierazitako banaketa-guneetan eta, Getxo Enpresaren kasuan, ohiko lokalean.

Gainerako establezimenduek, bazkide ez direnek, honako leku hauetara hurbildu beharko dute, establezimenduaren kokapen-kalearen arabera:

  • Itzubaltzeta/Romoko saltokiak hilaren 4tik aurrera hurbildu ahal izango dira Romocomik saltokira, Gobelaurre kalea 17, 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara.
  • Algortako/Andra Mariko saltokiak hilaren 4tik aurrera hurbildu ahal izango dira Amets Camisetas saltokira (Telletxe kalea, 13), 8:30etik 10:00etara (gainerako merkataritza-ordutegian bertaratuz gero, ilara egin beharko da negozioaren barruan bezerorik balego).
  • Areetako saltokiak, hilaren 5etik aurrera, 9:30etik 12:00etara hurbildu ahal izango dira La Kazuela jatetxearen tabernara (Kale Nagusia 17).

Saltokien zerrenda, datorren astelehenetik aurrera: www.getxo.eus/getxolan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun