Alarma-egoera deklaratzeak ekarri du norberaren konturako langile eta enpresa askok beren establezimenduak itxi behar izatea osasun-segurtasuna bermatzeko. Udalerriko negozioak ixtearen ondorioz, pertsona eta enpresa txiki askok zailtasunak izango dituzte beren jarduerari berriro ekiteko, konfinamendu-aldia amaitzen denean; izan ere, etenaldi horretan ezin izan dute diru-sarrerarik lortu zenbait kasutan, eta beste kasu batzuetan, oso urriak. "Hori guztia dela eta, Udalaren Ekonomia Sustatzeko Arloak uste du neurri ekonomikoak bultzatu behar direla Getxon dauden establezimenduei berriro ateak irekitzen laguntzeko, eta, horrela, Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren aurretik zegoen enpresa-ehunari eusteko eta baita, ahal den neurrian, bere jarduerarekin sortutako enpleguari eusteko ere", adierazi du Amaia Aguirre alkateak.
Hau lehen neurria da. Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz lankidetzan, herritarrak normaltasuna berreskuratzen joateko behar diren jarduerak sustatzen eta osatzen jarraituko du Udalak.
Hartzaileak
Ezohiko laguntzen deialdi hau Getxon publikoarentzat zabalik dagoen establezimendu batean jarduera ekonomikoa garatzen duten pertsona fisiko eta juridikoentzat da. "Horiek eskuratu ahal izateko, berriz irekitzen direnetik gutxienez lau hilabetez zabalik izateko konpromisoa hartu beharko dute, eta martxoaren 14ko 463/2020 Dekretuaren itxierak eta haren ondorengo aldaketek eragina eduki behar izan dute, eta ez bada behartuta egon hura ixtera, apirilean fakturazioa % 75 murriztu dela justifikatu beharko du, 2019ko hileko batez bestekoarekin alderatuta", azaldu du Iñigo Urkitza Ekonomia Sustatzeko zinegotziak.
Eman beharreko gehieneko zenbatekoak
Eman beharreko gehieneko zenbatekoak honako hauek izango dira:
- 1.500 euro Getxon jendearentzako arreta duen lokal bat duen pertsona edo erakunde bakoitzarentzat. Era berean, honako zenbateko hauek gehituko zaizkie Getxon lokala duten pertsonentzat edo erakundeentzat, baldin eta langileak badituzte eta haietan lan egiten badute, beti ere langileen kopuruari eusteko gutxieneko konpromiso bat hartzen badute:
- 1 eta 3 langile artean (biak barne) mantentzeagatik: 300 euro.
- 4-5 langile mantentzeagatik (biak barne): 600 euro.
- 6 langiletik gora mantentzeagatik (hori barne): 900 euro.
Beste baldintza batzuk
Diru-laguntza norgehiagoka-araubidean emango da, hau da, ez da aurkezten den ordenan emango, zenbatekoak jasotako eskabide guztien artean banatuko dira, betiere ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta guztientzat aukera-berdintasuna bermatzen badute.
Onartutako eskabideen kopuruak ezarritako gehieneko aurrekontu-kreditua gainditzen badu, laguntza guztiak proportzionalki murriztuko dira.
Eskabideak egoitza elektronikoaren bidez egingo dira (www.getxo.eus), eta eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da BBOn argitaratzen denetik eta ebazpena gehienez 3 hilabeteko epean izango da. Alarma-egoeran zirkulazioa mugatuta dagoenez, prozedura telematikoki izapidetzea gomendatzen da.
Laguntza hauek beste administrazio batzuek autonomoentzat, profesionalentzat eta enpresentzat kontzeptu eta helburu desberdinakaz deitutako laguntzen osagarri dira.
- Oinarriak: https://www.getxo.eus/getxolan.
- Informazio gehiago: 944 660 140 eta getxolan@getxo.eus