Koronabirusa atzerrian

“Zorte handikoa naiz lanpostua eta soldata mantendu dizkidatelako”

Iker Rincon Moreno 2020ko mai. 4a, 10:50

AEBetako Chicago hirian harrapatu du COVID-19aren pandemiak Beñat Azkargorta. Duela hiru urte joan zen bertara master bat ikastera; ordutik bertan segitu du, lanean. Dioenez, Chicagon segurtasun-neurriekiko kontzientziazio handia dago eta martxoaren 13an itxi zuten bulegoa; harez geroztik etxetik dabil lanean. “Gurea software-enpresa bat da eta lan gehiena hodeian edo birtualki egiten dugunez, denok egin dezakegu lan urrunetik arazorik gabe”.

Koronabirusak AEBetan eragindako egoera gogorra egiten ari zaiola aitortu du Beñat Azkargortak, “gogo-aldartean batez ere”. Izan ere, bakarrik bizi denez gero, lagunakaz egotearen eta kirola egitearen falta handia sumatzen du. Hala ere, argi du zorte handikoa dela bera lana eta soldata mantendu diotelako. Izan ere, azaldu duenez, jende asko kaleratu dute herrialde horretan krisiaren ondorioz; “arriskurik gabe etxetik lan egin ahal izatea sekulako pribilegioa da gaur egun”. Etxegabeen kopurua ere handia dela deitoratu du.

"Gobernuak erantzuteko fokua ekonomian du eta ez jendearen beharrizanetan"

AEBak dira munduko herrialderik kaltetuena, bai kutsatuen aldetik zein hildakoen aldetik ere. Krisia iparraldeko hiri handietan nabarmendu da gehien, hala nola New York, Boston eta Chicagon bertan. Krisialdiari aurre egiteko Gobernuaren erantzuna “oso berantiarra eta kaskarra” izan dela salatu du Azkargortak, are gehiago “fokua ekonomian jarri zutelako eta ez jendearen beharrizanetan”. Azaldu duenez, aste biren epean AEBetako Erreserba Federalak 2,3 bilioi dolar eman zizkien banku eta erakunde finantzarioei Trump-en aginduz, “historiako erreskaterik handiena”.

Era berean, presidenteak hiritar guztiei 1.200 dolarreko aldi-baterako ordainketa egingo ziela hitz eman zuen, “baina asko dira oraindik diru hori jaso ez dutenak eta, gainera, teorian, etorkinei ez dagokie laguntza hori jasotzea”, deitoratu du gazteak.

Herritarren konfinamendu eta urrunketa-sozialeko neurriei dagokienez, maila lokalean hartu direla azaldu du Azkargortak. “Chicagoko alkateak parke eta hondartza denak ixteko agindua eman zuen, eta funtsezkoak diren komertzioak bakarrik utzi zituen zabalik. Illinoiseko gobernadoreak ere antzeko neurriak ezarri ditu estatu osoan”.

"Krisialdiak eragindako bat-bateko langabeziaren igoerak alokairua edo hipoteka ordaintzeko ezintasuna eragin du askorengan"

Alokairuen greba

Azkargortak azaldu duenez, alokairuan bizi den jendearen kopurua oso altua da AEBetan. Ondorioz, mugimendu “oso interesgarriak” sortu dira alokairu-greba baten alde. Izan ere, krisialdiak eragindako bat-bateko langabeziaren igoerak alokairua edo hipoteka ordaintzeko ezintasuna eragin du askorengan. “Honek kolokan jarri du jabeen eta bankuen zilegitasuna dirua jasotzen jarraitzeko, jende gehienaren diru-iturriak kaltetu edo zuzenean eten direnean". Ondorioz, sare sozialetan eta etxebizitzen leihoetan protesta-seinale ugari atzeman direla jakinarazi du gazteak, “alokairuak guztiz ezabatzearen alde eta alokairua ordaintzeko greba bat egiteko mehatxuarekin”.

Dioenez, apirilean estatubatuarren %30 inguru ez zen gai izan alokairua ordaintzeko. Maiatzean, aldiz, “kopuru hori are altuagoa izatea espero da”. Horren arrean, Azkargortak dio kolektibo asko ideia horien atzean antolatzen ari dela ordaintzeari uko egiteko, “krisiak iraun bitartean, ordaindu ezin dutenekin elkartasuna adierazteko”.

AEBetan konfirmatutako Covid-19 kasuak 1.180.000 dira eta hildako kopurua 68.276era heldu da.

Datuak: 2020ko maiatzaren 4an.

Uribe Kostarrak atzerrian

Esperientzia hobeago baterako, ikusi pantaila osoan beheko storytelling-a.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun