Herri txiki batean bizi da Aratz Gago, giro lasai baten erdi-erdian. Supermerkatu bakarra dago bertan, inguruko lau udalerrietako biztanleak hornitzen dituena: “Batzuetan ez dut ezta bezeroekin topo egiten bertan ere”. Hiri handi gertuena ordubetera dago, kotxez. Hala, getxoztarrak dio sozialki ez duela aldaketa handirik nabaritu Covid-19a bertara heldu zenetik; lan egiten duen hotela ixteaz aparte.
“Otsailean hasi nintzen lanean; bakarrik hamasei egunez egin dut lan eta nire kontratua proba denboran egon zenez, ez daukat eskubide askorik hemen”
Egoerak traba handia egin dio getxoztarrari, hotel horretan hasiberria baitzen: “Otsailean hasi nintzen lanean; bakarrik hamasei egunez egin dut lan eta nire kontratua proba denboran egon zenez, ez daukat eskubide askorik hemen”. Ondorioz, kontratu barik, egoerari so dago, hotela zabaltzeko unearen zain: “Oraindino giltzak ditut eta nagusiak esan dit gordetzeko, hotela irekitzeko unean beharrezkoa izango naizelako”. Bitartean, lagun baten etxera lekualdatu da bizitzera, dirua aurrezteko. Ordainetan, etxeko-beharretan laguntzen hasi zaio, “200 ardi baino gehiago ditu eta”. Horrez gainera, inguruko auzokideak ere laguntzen ditu, hala nola etxeak margotzen: “Denok ezagutzen dugu elkar hemen, eta elkarri laguntzen diogu. Eurak niri asko lagundu zidaten neguan, hona heldu nintzenean. Hala, bueltan eman gura diet laguntza hori”.
"Bost pertsona baino gehiagoko taldeak debekatuta daude"
Norvegiako Gobernuak pandemiari aurre egiteko neurriez gutxi daki Gagok: “Pertsonen artean bi metroko tartea utzi behar da hemen, eta 5 pertsona baino gehiagoko taldeak debekatuta daude. Zinemak, kiroldegiak eta horrelakoak itxita daude, baina edozein lekura joan gaitezke kaletik, betiere distantziak errespetatuta”. Dioenez, berton oso erraza da neurri horiek betetzea, jende gutxi dagoelako eta bizitza soziala “hotzagoa” delako bertan.
Pandemiaren eragin sozialari dagokionez, Balsfjord inguruan infektatu bi atzeman dituzte orain arte, eta ez da hildakorik egon.
Norvegian konfirmatutako Covid-19 kasuak 7.599 dira eta hildako kopurua 205era heldu da.