Udako jaiek udalerri osoaren kohesiorako betetzen duten papera nabarmendu gura izan du Getxoko Jai-Batzordeen Federazioak: "Jai herrikoiek herritarren arteko harremanak estutzen, auzoa egiten, babesguneak eraikitzen, tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzen laguntzen dute". Era berean, udalerriko elkarte eta eragileak ezagutzera emateko eta haien lana kalera eroateko baliagarriak direla azpimarratu dute jai-batzordeek, "baita egoera ahulean dauden bizilagunak zaintzen laguntzen digute, beste hamaika gauzen artean".
Hori dena kontutan hartuta, ospakizunok "galdu" behar ez direla aipatu dute; hori dela eta, gaur egun bizi dugun egoera kontuan hartuta, jaiok "ezberdinak" izango direla iragarri dute, "baina betiko legez, programa euskaldun, parte-hartzaile eta parekide bat egitea izango dute helburu, herritarron segurtasuna lehenetsita".
Herritarren osasuna lehenetsita
Federazioa osatzen duten jai-batzordeek udalerriko bizilagun denen osasuna bermatzea dute helburu. Horretarako, egoera berrietara egokitu eta lan egiteko prest daudela iragarri dute, "ezar daitezkeen neurriak hartuta, gure jaiak gure herriaren egitura soziokulturalaren eta ekonomikoaren parte direlako". Hala, Getxoko Udalagaz harremanetan jarri eta elkarlanean aritzeko prest daudela azpimarratu dute, bizilagunei laguntzeko beharrezko erabakietan laguntzeko: "Udalekoek ondo ezagutzen gaituzue, baita gure auzoetako jendeak, elkarteek, tabernek eta bertako merkataritzak ere".